• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Burgesia ingelesa eta europarra larri ibili dira Eskoziar Estatua sortzeko arriskuarekin. Urduritasun hau kanpainako azken astean agerian geratu zen, burtsaren eta libra esterlinaren kotizazioaren erorketekin, baina, batik bat, Alderdi Kontserbadoreko, Liberaleko eta Laboristako arduradun politikoen eta Londresko botere ekonomikoaren eraso beldurgarriarekin. Xantaian oinarritutako kanpaina izan zen: enpresen deslokalizazioa, kapitalen ihesa, Eskoziar Estatua nazioarteko erakunde guztietatik kanporatzea eta gizarte eskoziarraren pobretze orokorra erabili zituzten. Beste aldetik, Eskoziako kaleetako eta sare sozialetako irakinaldi politikoa indartsua zen, Eskozia estatu bihurtzearen aldeko botoaren joera goranzkoa zela ikusita. Azkenean, irailaren 18ko erreferendumean, %85eko parte hartze historikoarekin, Erresuma Batuari elkartuta jarraitzearen aldekoek irabazi zuten 2.001.926 botorekin, banatzearen alde emandako 1.617.989 botoak garaituz (%55,3 ezezkoak, %44,7 baiezkoak).

 

 Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoek ez dute irabazi modu garbi, demokratiko eta eredugarrian Europa osoan sinetsarazi nahi izan den bezala. PPren gobernuaren jarrera ezberdina izan arren, David Cameron Lehen Ministroak erreferenduma deitzearen arrazoia kalkuluen arabera BAIezkoak irabazteko zuen aukerarik eza zen. Beretzat eta klase dominatzaile ingelesarentzat hau zen modu onena Eskoziako nazionalismoaren gorakada mozteko. Kontsulta ospatu baino aste batzuk lehenago, inkestek iragartzen zuten BAIezkoaren gorakadaren ondorioz EZezkoaren aldeko kanpaina basatia jarri zuten martxan agintari laboristen, Europako Batasunaren, bankaren eta kapital handiaren babes osoarekin.

 

Azkeneko segundora arte aldarrikatu zuten BAIezkoak irabazi ezkero, eskoziarrek mota guztietako hondamendiak izango zituzketela. Adibidez, Royal Bank of Scotland (RBS), Lloyds Bank eta sektore finantzario osoak (hauen negozioa Eskoziako BPG baino 12 bider handiagoa da) beren bulego nagusiak Ingalaterrara eramango zituztela mehatxatu zuten. Autoritate ekonomiko britainiarrek 2007ko krisian bizitako izu finantzarioak sortutako egoerarekin konparatzen zuten egoera, non adibidez Northern Rockeko ofizinetan bere bezeroak ilara luzeak egiten egon ziren beren aurrezkiak ateratzeko. Hondamendi honi aurre egiteko planak publikatzera ere iritsi ziren.

 

Mark Carney Ingalaterrako Bankuko gobernadoreak eta George Osborne ogasun ministroak uko egin zioten Australiako G20an parte hartzeari erreferendumaren emaitzek eragin zezaketen “iskanbilari aurre egiteko”. Karel De Gucht komisario belgikarrak adierazi zuen BAIezkoak irabazi ezkero “inperio sobietarraren amaierak eragindako lurrikara politikoaren antzekoa” sortuko zela eta “herrien autodeterminazioan oinarritutako Europa gobernaezina” dela. Nazioarteko Diru Funtsa eta AEBetako estatu departamentua ere Cameronen gobernuaren alde jarri ziren, arrazoi geoestrategikoak eta mendebaldeko bloke inperialistaren batasunaren beharra argudiatuz.

 

Zalantzarik gabe, burgesia ingelesak eta honi babesa eman dioten ordezkari politikoek estortsioaren, katastrofismoaren eta mehatxuaren kanpaina erabili dute. Hala ere, toki askotan gertatzen ari den bezala, beldurra zapaltzailearen aldera pasa zen eta Cameronek gobernu eskoziarrari eskumen gehiago emango zizkiola adierazi behar izan zuen; orain arte behin eta berriro ukatu dituzten eskumenak hain zuzen.

 

Boterearen diktaduraren eta murrizketen aurkako errebolta

 

Liberalen, laboristen eta Gordon Brown lehen ministro ohiaren babesarekin, Cameronek eskumenen itzulera azkar eta zabalena agindu zizkion parlamentu eskoziarrari BAIezkoaren aldeko kanpaina geratzeko. Makilaren eta azenarioaren konbinazioarekin, inkestak norabidez aldatzen joan ziren. Burtsa zerbait errekuperatzen hasi zen eta libraren balioa handitu egin zen hauteskunde jardunaldian bertan. Kontaketa amaitzean, EZezkoak 10 puntuko abantaila atera zion BAIezkoari.

 

Aldea handia dela badirudi ere, Cameronek erreferenduma deitzea erabaki zuenean EZezkoak 20 puntuko abantaila ateratzen zuen inkestetan. Bozketa baino aste bat lehenago independentziaren aldekoek garaipena lor zezakeela erakusten zuten inkestak ere atera ziren. Galdeketaren parte hartzea %84,6ko errekor historikora iritsi zen. Eskoziako hiri handiena den Glasgowen eta Dundeen izan ziren abstentzioaren datu handienak, %75 eta %78 hurrenez hurren; baina langileen eta laborismoaren zonalde historiko izan diren hauetan BAIezkoak irabazi zuen, North Lanarkshire eta West Dunbartonshiren bezala. Independentziaren aldeko errekorra Dundeen eman zen, aldeko %57,3 bozkekin.

 

Independentziaren aldeko botoak gailendu ziren zonalde hauek dira enpresa itxiera eta kaleratze gehienak sufritu dituztenak. Historikoki laborismoaren feudoak izan direnek BAIezkoaren aldeko bozka eman dute. Honek langile klase eskoziarrek murrizketa politiken aurka duten haserrea islatzen du, batetik, eta agintari laboristak Cameronen aurrean belaunikatzearen aurka, bestetik. Langile eskoziar askoren BAIezko botoa Londresko gobernuaren aurkako botoa izan da, hau baita murrizketen eta beren bizi baldintzek okerrera egitearen arduraduna.

 

Esanguratsua izan da EZezkoaren aldeko bozkak hain datu onak lortzea Alderdi Nazionalista Eskoziarra (SNP) nagusi den eskualdeetan, Aberdeenen adibidez. Hemen, parlamentu britainiarrean dauden diputatu guztiak laboristak eta SNPkoak dira. Ipar Itsasoko petrolioak eta gasak sortutako enplegutik eta errentatik etekina ateratzen duen hiria da Aberdeen. EZezkoak botoen %58,61 eskuratu zuen eta BAIezkoak %41,39. Aberdeenshiren, bertan SNPk irabazten du, EZezkoak %60,4 lortu zuen %39,6ren aurrean. Bestetik, kontserbadoreen eta liberal-demokraten feudoetan EZezkoak lortu du garaipena, Orkney eta Shetland irletan eta Edinburgo hiriburuan; hemen EZezkoak %61eko emaitza izan du.

 

Orokorrean, esan daiteke burgesiak, Cityak eta banka handiak EZezkoaren aldeko hautua egin zutela; eta, bitartean, agintari laboristei ere aurre eginez, langile klasearen sektore asko BAIezkoaren alde posizionatu zirela. Aldi berean, burgesia txikiak bere botoak bitan banatu zituen. Sektore bat independentziaren mehatxu eta ondorioekin beldurtu zen, eta besteak Eskozia independente batekin hobera egitearen itxaropena zuen. 

 

Gauza bat, behintzat, argi dago. EZezkoak irabazi arren, Erresuma Batuko burgesia ahulduago, zatituago eta kanpaina honetan sartzea arrazoitzen zuen helburuak lortu gabe atera da. Erresuma Batuan eta Europa osoan askapen nazionalaren aldeko borroka hauspotu du erreferendumak eta, horren ondorioz, irlandarrek eta galestarrek ere beren etorkizuna erabakitzeko gaitasun gehiago eskatzen dute. Emaitzek ondo azaleratu dute, eta hau oinarrizkoa da, haserre sakona dagoela langile eskoziarrengan eta bi irletako gainontzeko langileengan, langile ingelesak barne. Cameronen politikaren ondorioz, masa borrokarako baldintzak prestatzen ari dira Erresuma Batu osoan.

 

Kontserbadoreen eta laboristen krisia

 

Cameron ahulduta atera da prozesu honetatik Erresuma Batua zatiketaren amildegira gehiegi gerturatzeagatik. Alderdi Kontserbadoreko sektore zabal batek erreferendumean autonomiari buruzko hirugarren aukera bat ez jartzea kritikatzen dio; baina, aldi berean, azken orduan egindako kontzesioengatik zalantza eta kritika gehiago sortu dira. Boris Jonson Londresko alkateak, eta etorkizunean Cameronen eserlekua hartzeko hautagaia izan daitekeenak, kontzesio horiek arriskutsuegiak direla adierazi du. Orain dela gutxira arte Ingurumen Ministroa izan den Owen Patersonek ere azaldu du berehala Parlamentua bildu beharko litzatekeela erreferendumaren ondorioez eztabaidatzeko, eta honekin batera EZezkoaren aldeko kanpaina bukaera “kaotikoa” kritikatu du: “Onartezina da azken unean lehen ministro laborista ohiak Eskoziaren eskumenak ugarituko dituen kontzesio burugabeak agintzea, eta honek Erresuma Batuko hiru alderdi nagusien babesa izatea Parlamentuaren agindurik gabe”.

 

Laborismoari dagokionez, erreferendumak agerian utzi du zuzendaritzaren eta honen oinarri sozialaren artean dagoen amildegia. BAIezkoa bozkatzean edo abstentziora jotzean bizkarra eman diote agintari laboristek EZezkoaren alde egindako kanpainari. Oinarri laboristaren mezua argi geratu da: ez dute beren agintariek murrizketekin, pribatizazioarekin eta langile klasearen pobretzeareakin amaituko duten konfiantzarik. Baina hala ere, Ed Miliband Alderdi Laborista britainiarreko buruak eta gaur egungo gainontzeko agintariek ez dute asmorik mezu horri arreta jartzeko; eta honek, zalantzarik gabe, ondorio sakonak izango ditu. Alderdi Laboristak zaplazteko galanta jaso du eta datozen hauteskundeetan isla daiteke PASOKek Grezian, PSFk Estatu frantziarrean eta PSOEk Estatu espainiarrean izandako antzeko krisia eta desgastea eraginez. Erreta dauden Gordon Brown bezalako agintariak berpizten dituzten saiakera desesperatuak porrotera kondenatuta daude.

 

Kapitalismoa eta Eskozia independentea

 

Eskoziar estatua sortzearen aldeko botoa, SNPz gain, laborismoaren ezkerretara dauden erakundeek ere bultzatu dute, aldaketa sozialaren eta sozialismoaren aldeko borrokaren motortzat hartuta. Hala ere, Eskoziar Estatua sortzea sozialismoranzko pauso segurua dela esatea errealitatetik urrun geratzen da. Noski, posizio honek ezkerreko independentisten eta SNP alderdi nazionalista eskuindarraren arteko talka eragin du. Ezkerreko erakunde hauen ordezkari gehienek edozeren gainetik erabilitako formula Eskoziar Estatuaren sorrera bermatzea izan da. Horregatik, BAIezkoaren aldeko kanpaina egiteaz gain, klaseko posizio internazionalista alde batera utzi eta SNPren atzean kokatu dira; eta honek burges eskoziar nazionalistei bakarrik egin die mesede. Ez da inolako alternatiba Erresuma Batu kapitalistaren eta Eskozia kapitalistaren artean aukeratzea, erreginarekin, NATOrekin, murrizketekin, Ingalaterrako Bankuarekin... Gainera, elementu honek bere eragina izan zuen eta Glasgoweko eta beste hirietako ezkerreko boto-emaile asko etxean geratu zen bozkatu gabe.

 

Marxista eta internazionalista bezala, langile klasearen askatasunaren alde eta mota guztietako zapalkuntzen aurka borrokatzen dugu, zapalkuntza nazionala barne. Nazioen eta herri zapalduen eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka, autodeterminazio eskubidea eta independentzia barne, sozialismoaren aldeko borrokari lotuta dago, hori baita zapalkuntza hau eragiten duen sistema kapitalistari amaiera emateko modu bakarra. Eta hau ezin da lortu nazio zapalduetako burgesiaren eskutik, langileen interesekin zerikusirik ez duten helburuak baitituzte. Horregatik, marxistak ez gaude edonolako estatu eskoziar bat sortzearen alde; are gutxiago estatu honen helburuak sistema kapitalistarekin eta zapalkuntza inperialistarekin amaitzea ez badira.

 

Zalantzarik gabe, Eskoziako langile, gazte eta zapaldu askok eta askok BAIezkoa bozkatu dute oligarkia finantzario ingelesa, toryak, hauen murrizketak eta ongizatearen aurkako eraso basatiak gogor zigortuz. Benetako askatasunarekin eta berdintasunarekin, Eskoziak baldintza guztiak izango lituzke herrialde bezala bideragarria izateko, baina burges eta erreformista batzuek aurkezten duten egoera ideal hori ez da existitzen. Gaur egun, lau haizetara ala itzalpean, ikaragarrizko gerra dago merkatuak, bide komertzialak, influentzia eremuak... kontrolatzeko helburuarekin. Sistema kapitalistaren krisiak inperialisten arteko kontraesanak handitzea eragin du. Gero eta maiztasun gehiagoz, gatazka armatu inperialistak sortzen dira. Libian, Iraken, Sirian, Afganistanen, Hego Sudanen, Ukrainian... gerrak ditugu potentzia inperialista ezberdinen artean lehengaiak, energia iturriak, merkatuak eta eremu geopolitiko estrategikoak eskuratzeko. Potentzia handi hauen zapalkuntzaren eskenatokian nazio txikienak bizirik irautera kondenatuta daude.

 

Ipar Itsasoko petrolioa eta gasa oso garrantzitsuak izan dira Erresuma Batuarentzat 1964an honen ustiapenarekin hasi zirenetik, bai maila ekonomikoan eta baita maila politikoan ere. 2012an Erresuma Batu osoko petrolio eskaeraren %67a eta gas eskaeraren %53a ase zituen, zuzeneko eta zeharkako 450.000 lanpostu sortu zituen eta ogasun britainiarrari 8.000 milioi inguru eman zizkion, Sozietate Zergarekin bildu zenaren %15a. Hau gutxi ez eta merkantzia britainiarren esportazioa handitzen du 8.500 milioi euroko balioarekin. Ondorioz, Erresuma Batuaren ordainketen balantzara 47.000 milioi euro gehitzen ditu. Erresuma Batuak ez du botere ikaragarri honetako euro bakar bat ere galdu nahiko eta prest egongo da mota guztietako borrokak antolatzeko.

 

SNP burgesia eskoziarraren alderdia da; eta honek aurkeztutako liburu zuriak erakusten zuen kapitalismopeko Eskozia zuela helburu, Erregina izango zela estatu eskoziar berriko estatuburua, libra mantenduko zela, Eskozia NATOn sartuko zela eta Ingalaterrako Bankuak Eskoziako egonkortasun finantzarioaren arduraduna izaten jarraituko zuela. Baldintza hauetako estatu eskoziarrak klase dominatzaile britainiarraren interesen menpe jarraituko zukeen elite finantzario eta enpresarialaren bitartez, orain Hego Irlandan gertatzen den bezala.

 

Horrela, beraz, benetako independentziarik ere izango ez zukeen estatu eskoziarrak ez zukeen amaituko Cityaren eta multinazionalen boterearekin. Helburu hau Eskoziako, Galeseko, Irlandako, Ingalaterrako eta Europako langile klasearen borroka bateratuarekin bakarrik lor daiteke, sozialismoaren aldeko borrokarekin.

 

Askapen nazionalaren eta sozialismoaren aldeko borroka

 

Erresuma Batu osoan eta Eskozian, masen artean orokorrean eta langile klasean zehazki, aktibismoak eta eztabaida politikoak gorakada izan dute erreferendum honen ondorioz: baiezkoaren eta ezezkoaren aldeko argudioak, askatasun nazionalari eta borroka sozialari buruzko eztabaida... Emaitzek hasiera batean sortutako etsipenaren ondoren, eztabaida politikoaren gorakada hori ez da amaituko erreferendumaren ondoren. Aitzitik, esan genezake politizazio hau hasi besterik ez dela egin. Europa osoa geldialdi ekonomiko berri batean sartu da. Erresuma Batua azken urtean bataz bestekoa baino gehiago hazi da, baina Eskozian ikusi dugun bezala, hazkuntza hau zapalkuntzaren, desberdintasunen eta pobreziaren handitzean oinarrituta dago.

 

Erreferendumaren ondoren, banku handiek eta multinazionalek “iraganeko lasaitasunera” itzuli nahiko dute, baina gauzak dagoeneko ez dira izango erreferendumaren aurreko garaikoak bezalakoak, ez Eskozian eta ezta Europan ere. Burgesiak bere hausnarketa egingo du prozesu honek eragindako lurrikara politikoaz eta langile klaseak ere bai. Leninek auzi nazionalari egin zion ekarpena oinarrizkoa izan zen iraultza errusiarraren garaipenerako eta, berak esan zuen moduan, nazio batek banatzeko duen eskubidea gauzatzearen ondorioz ere lehertu daitezke iraultzak.

 

Burgesiak muga nazionalen gainetik dagoen klase sozial batek bezala funtzionatzen du, Eskoziako gaiarekin beren indarrak elkartu dituzte, legeria europarra aldatuko dute nazio txikietako autodeterminazio eskubidearen erabilera are zailagoa bihurtzeko. Esperantza bakarra langile mugimenduarengan dago. Langile klasea ezin jar daiteke, inolaz ere, burgesia edo burgesia txiki nazionalistaren atzean une erabakigarrietan. Historiak behin eta berriro erakutsi duen moduan, atzera egiten dute, zalantzan sartzen dira eta askatasunaren aldeko mugimendua traizionatzen dute.

 

Aldizka kapitalismoaren garapena oztopatuz krisiak eta langabezia eragiten dituzten bi kontraesan handiak ekoizteko baliabideen jabego pribatua eta estatu burges nazionalak dira. Gaur egungo estatu burges nazionalek feudalismo garaiko aduanen antzeko papera jokatzen dute: ekoizteko baliabideen eta ongizatearen garapena ezinezko bihurtzen dute. Eskozian, Erresuma Batuan eta Europa osoan eginkizuna kapitalismoaren aurkako borroka da, arrazionalki planifikatutako ekonomiaren aldeko borroka, sozialismoaren aldeko borroka. Langile mugimenduaren eginkizuna, Eskozian, Katalunian, Euskal Herrian eta Europa osoan, ez da estatu burges nazional berriak sortzea, mundu mailan gizarte sozialista bat eraikitzea baizik; herri askez osatutako mundua eraikitzea. Eskozian ikusi dugun bezala, langile klaseak iraultza sozialista internazionalaren banderapean sartuko du zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka. 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.