• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Urtarrilaren 25eko hauteskundeetako emaitzak garaipen eztabaidaezina izan ziren Greziako langile klasearentzat eta zapalduentzat. Syrizak emaitza historikoa lortu zuen, Europan azken hirurogeita hamar urtetan gertatu ez dena sozialdemokraziaren ezkerrera dagoen alderdi batentzat: botoen %36,34a lortu zuen (2.246.064 bozka) eta 149 eserleku, gehiengo absolututik 2ra bakarrik geratuz. 590.000 boto gehiago lortu zituen 2012ko ekaineko hauteskundeekin alderatuz. Syrizaren garaipenak aldaketa bat markatzen du Europako eszenatoki politiko guztian. Murrizketen eta austeritatearen aurkako mobilizazioa bultzatuko du eta klase arteko borrokaren aro berri bati irekiko dio bidea.

Emaitzak jakin zirenean, Alexis Tsipras Atenaseko erdigunean bildurik zegoen jendetzara zuzendu zen: “Gaur oligarkiaren eta ustelen Greziak galdu du” eta “lanaren, ezagutzaren eta kulturaren Greziak irabazi du (...) borrokatzen duen eta esperantza duen Greziak irabazi du”. Azpimarratu zuen “gure garaipena austeritatearen aurka borrokatzen duten Europako herri guztien garaipena” zela. “Greziak aurrera egiten du, herri greziarraren erabakiak (...) Memoranduma ezeztatzen du. Troika iragana izango da Europan".

Gobernuak iragarritako lehen neurriak

Klase arteko borrokaren dinamika fase berri batean sartu da Grezian. Akordio, bake sozial eta erdi bideko irtenbideetan maniobratzeko tartea erabat desagertu den garai batean iritsi da Syriza gobernura. Urtarrilaren 28an egin zen Ministroen Kontseiluko lehen bileran, gobernuak lehentasunak krisi humanitarioa konpontzea, zorraren bernegoziazioa eta iruzur fiskalaren aurkako borroka zirela iragarri zuen. Iragarritako lehenengo neurriak garrantzi handikoak ziren: 300.000 etxe baino gehiagotan doako elektrizitatea bermatzea; DEI konpainia elektrikoaren pribatizazio prozesua "berehala" geldiaraztea, "interes publikoko enpresa bihurtuko delarik, irabazi asmorik gabeko irizpideekin funtzionatuz" eta berdin egitea helburu sozialen aurka doazen pribatizazio horien aurka ere, portuena eta aireportuena esate baterako; osasun sistema publikorako sarbide unibertsala berrezartzea, orain arte 3 milioi pertsona bazterturik baitzeuden, biztanleen %30a, eta ospitaletako arreta tasen (5 euro) eta errezeten (euro 1) ordainketak ezeztatzea, gainera osasungintzako sistemako giza errekurtsoak indartzearekin batera.

Gobernuak Memorandumaren aurretik zegoen gutxieneko soldata berrezartzeko asmoa ere iragarri zuen (751 eurokoa egungo 586en aurrean) eta hamahirugarren paga sartzea 700 euro baino gutxiagoko pentsioetan. Bestetik, "legez kanpo" kanporatuak izan diren funtzionarioek edo lan mugikortasuneko sisteman deritzonan daudenek beren lanpostuak berreskuratzea ere iragarri zuen. Neurri honek 10.000 funtzionario ingururi eragingo lieke, besteak beste, Finantza Ministerioko garbitzaileei eta eskoletako bedelei. Era berean, langile mugimendu greziarraren borroka sinbolo izan den ERT (Irrati Telebista Publikoa) berriz irekitzea planteatu zuen, kalera bota zituzten 2.600 langileak berriro kontratatuz. Hitzarmen kolektiboak berreskuratzea eta kaleratze kolektiboak baimentzen dituen legea indargabetzea ere iragarri zituen.

Hasieratik, Europako burgesiak haserrez erreakzionatu zuen iragarpen hauen aurka. Syrizaren garaipena jakin bezain laster hasi ziren Greziak bere konpromisoak betetzeko betebeharren inguruko ohartarazpenak, zorraren ordainketarekin, murrizketekin eta austeritatearekin jarraitu behar zuela eskatuz. Ministroen Kontseiluko lehen bileran Tsiprasek eginiko diskurtsoaren ondoren, Atenaseko Burtsa %9,4 erori zen, Greziako lehen lau bankuak beren burtsako balioaren laurdena galdu zuten eta arrisku sariak 1.026 oinarrizko puntu hartu zituen. Gauza bera esan daiteke burgesia greziarraren erantzunagatik. Kapital ihesa, azken bost urte hauetan 300.000 milioi euro baino gehiagokoa izan da, eta hauteskundeen ondoren handiagotu egin da. Joan den abenduan 3.000 milioi euro erretiratu ziren Greziako bankuetatik, baina urtarrilean zifra 11.000 milioikoa izatera iritsi zen. Azken bi hilabete hauetan funts bankario guztiaren %8,5a atera da. Bloombergen arabera, 2012ko maiatzean herrialdeak jasan zuena baino handiagoa izan zen kapitalen irteera urtarrilaren 19 eta 23 artean.

Merkel, Hollande, Cameron eta beraien atzetik Europako kapital finatziero handiak, gogor presionatu zuten gobernu berria. Syrizak iragarritako neurriekin beldurtuta zeuden. Ondo zekiten, bete ezkero golpe gogorra izango zela beren estrategiarako, eta oso kontziente ziren politika honek zituen inplikazioez eta beste herrialdeetan eduki zezaketen eragin kutsakorraz. Tsiprasen gobernuari eginiko kontzesio txikienak Greziako klase arteko borroka animatuko luke, eta Europan bide berari ekiteko seinale bezala ulertuko litzateke. Horregatik saiatu dira Syriza zanpatzen, bere interesen aurrean makurrarazten eta PASOKen bide beretik arrastaka eramaten.

Zoritxarrez, Syrizaren eta Europako Batasunaren arteko lehen akordioaren ondorioz, Alexis Tsiprasen gobernuak atzera bota behar izan ditu, momentuz behintzat, urtarrilaren 28an egindako iragarpenak. Beste behin, agerian geratzen da gobernura iristen den edozein alderdi ezkertiarrek bi aukera posible bakarrik dituela: kapitalistekin negoziatu, kapitalistekin "kolaboratu", gauzek oinarrian lehen bezala jarraitzeko, edo kapitalisten aurkako iraultza antolatu, kapitalistak desjabetu, hau da, sozialismoaren alde borrokatu. Horregatik, beharrezkoa da Syrizak iragarri zituen neurriak martxan jartzea, Europako eta Greziako kapitalisten mehatxuen aurrean ez men egitea eta sozialismoaren aldeko borroka antolatzea Greziako langileen eta zapalduen mobilizazioan oinarrituta.

Syrizaren garaipena herritarren mobilizazio masibo baten testuinguruan gertatu da, eta honek gogor presionatuko du gobernuak atzera pausorik ez emateko. Syrizaren aldeko batek hauteskundeak baino egun batzuk lehenago esan zuen bezala: "25eko igande honetan irabazten duenean ospatu egingo dut, baina 26tik aurrera nola mobilizatuko garen pentsatzen hasi beharko dugu, desengainatu ez gaitzaten eskatzeko". Burgesia oso kontziente da Syrizaren garaipenaren atzean aldaketa sozial sakon baten itxaropena dagoela.

Ezkerraren gehiengo absolutua kalean eta parlamentuan. Eskuina Gobernutik kanpora!

Samaras lehendakari ohiaren eskuin burgesak, Demokrazia Berriak (ND), porrot argia jasan zuen U25ean: Syrizak baino milioi erdi bozka gutxiago eskuratu zituen (9 puntu azpitik), eta 2012an lortu zituen %29,66tik %27,81ra (1.718.815 bozka) eta 76 diputatu izatera pasa zen, hau da, 106.000 bozka baino gehiago galdu zituen. Eskuin greziarrak erabilitako beldurraren, katastrofismoaren eta txantajearen diskurtsoak, Europako burgesiak gogo handiz sostengatu zuenak, ezin izan zuen herri greziarraren, langileen eta gazteriaren erabaki irmoarekin amaitu, ezin izan zuen krisi kapitalistak azkeneko sei urteetan ekarri dituen ondorio izugarrien aurka behin eta berriz borrokatzeko agertu duen borondatea itzali.

Hauteskunde greziarren beste puntu garrantzitsu bat, sozialdemokrazia ofizialaren gainbehera politikoa izan zen. Arlo sozialean atzerakoiak ziren neurriak baldintzarik gabe babestu izanak eta gobernuan eskuinarekin izan zuen lankidetzak PASOK hondoratu du: 2009an hiru milioi boto baino gehiago (%44a) eta gehiengo absolutua izatetik, 289.428 bozka (%4.68) eta 13 aulki izatera pasatu da, 466.000 bozka baino gehiago galduz eta parlamentu greziarreko azkenetarikoa izatera pasatuz.

Egunsenti Urrekarako neonaziek berriz, atzera egin zuten 2012ko hauteskundeekin alderatuz gero, botoen %6,92 izatetik %6,28ra pasatuz (288.477 denera, 2012an baino 37.500 gutxiago) eta 17 diputatu eskuratuz. Baina hirugarren indar politiko gisa mantentzen da eta hau abisu argia da Greziako gazteentzat eta langile klasearentzat.

Urtebete baino gutxiago duen To Potami “zentroko” alderdi berriak botoen %6,05 eta 17 eserleku lortu zituen. Greziako Alderdi Komunistak (KKE) %5,4 eta 15 eserleku, 2012an lortutako emaitzak baino puntu bat eta 60.000 bozka gehiago lortuz. 2012an eskuindar nazionalisten eszisio baten ondorioz sortutako Greziar Independenteek (ANEL) botoen %4,75 eta 13 eserleku lortu zituen, 2012an lortutakoak baino 169.000 gutxiago. Eta azkenik, Yorgos Papandreu lehen ministro sozialdemokrata ohiak eta bere Demokrata Sozialisten Mugimenduak, botoen %2,4 bakarrik lortu zuten parlamentutik kanpo geratuz.

Emaitzek errealitate eztabaidaezina agertu zuten: indarren arteko erlazioa erabat ezkerraren alde zegoen. 2012tik babesa handitzen zuten alderdi bakarrak Syriza eta KKE ziren. Biak batera botoen ia %42a hartzera iritsi ziren, 2012an %31 baino zertxobait gehiago zutenean. Bi alderdietako talde parlamentarioek 164 diputatuz osatutako gehiengo absolutua daukate, eta eskuina bere osotasunean (ND, AD, ANEL) %44etik %38,8ra pasa da.

Emaitzek soilik ezkerrekoa den gobernu bat eratzeko aurrera egitea baimentzen zuten noski. Syrizak eta Tsiprasek dei argi eta garbi bat egin ziezaioketen KKEko oinarrirari eta zuzendaritzari gehiengoaren onurarako programa batekin ezkerreko gobernu bat osatzeko. Egia da oztopoak zeudela eta daudela horrelako aukera bat gauzatu zedin KKEko zuzendaritzak Syrizarekin duen jarrera guztiz sektarioa dela eta, modu oker batean alderdi burges eta langileen aurkakotzat hartzen baitu. Egia da KKEko zuzendaritzak dinamika sektario bat elikatzen duela, leninismotik ezin urrunago dagoena; baina hori ez da aitzakia Tsiprasek proposamen argi eta indartsu bat ez planteatzeko.

Mota honetako akordio baten alde apustu indartsua egin beharrean, Tsiprasek Greziar Independenteetan (ANEL) babesa bilatzera jo zuen gobernua osatzeko. KKEren sektarismoa eta frente bakarraren aurka duen jarrera politika kaltegarria badira, Syrizak eskuinarekin aliantzak egitea ere ondorio oso larriak dituen akats bat da. Syrizak honela azaltzen zuen ANELen aurrean zuen posizioa 2012an: "Ez dago inolako aukerarik Panos Kamenosekin (ANEL alderdiko buruzagia) koalizio gobernu bat osatzeko. Eskuinaren espazioari dagokio. Panos Kamenosen ibilbideak eta posizioek Demokrazia Berritik eskuinera kokatzen dute. Panos Kamenosen botoaren menpe legokeen ezkerreko gobernu antimemorandum batek ezingo luke iraun". Hori zioen Syrizako zuzendaritzan dagoen D. Papadimulis eurodiputatu eta Euro-parlamentuko presidente ordeak.

Ezkerrerako bira sozial ikaragarri hau eta Syrizak zuen autoritate handia ikusita, ANELek Salonikako Programa onartzen zuela esan zuen, baina maniobra taktiko bat besterik ez zen. Gobernuan sartzeko alderdi honen helburu bakarra burgesia greziarraren eta bere sistemaren interesak defendatzea eta Syrizaren neurriak oztopatzea da. ANEL alderdi chauvinista bat da, prokapitalista (ageriko loturak dauzka armadore handiekin) eta Estatuko sektore atzerakoienekin estuki loturik dago. Egunsenti Urrekarak duen posizio ia berdina du emigrazioarekiko. Horregatik izan zen hain harrigarria Tsiprasek Defentsako Ministerioa Panos Kamenos ANELeko liderrari uztea (merkatu ontziteriako ministro izan zen Demokrazia Berriko Gobernuan 2007 eta 2009 artean), Grezian hain beharrezkoa denean faxistez betetako armada eta estatu aparatua depuratzea. Hemengo goi-karguek lotura handiak dituzte Egunsenti Urrekarako neonaziekin.

Txileko Unidad Popularraren garaipenaren ondoren, Allende presidenteak Augusto Pinochet izendatu zuen Txileko Armadaren Estatu Goreneko buru. Berehala goi kargu militar atzerakoiak kanporatu beharrean, horretarako gehiengo sozialaren babesaz baliatuaz, soldadu eta subofiziale aurrerakoiekin, militarrak bere politikara erakartzen saiatu zen Allende. Emaitza sobera ezaguna da. Pinochet armak hartuta Allenderen gobernuaren aurka altxatu zen eta diktadura odoltsu baten buru izan zen.

ANELeko atzerakoi hauek Troiako zaldia dira Syrizaren gobernuan. Beharrezkoa denean, klase dominatzaile greziarrak, ANEL erabiliko du gobernuaren beraren eta langile mugimenduaren aurka, bosgarren zutabe suntsitzaile gisa. Historiako ikasgaietatik ikasi beharra dago: klaseko politika independente bat mantendu behar da eta akats larri hau berehala zuzendu.

Kapitalismoarekin apurtu gizartea eraldatzeko

Hala ere, Syrizaren gobernua aurrera pauso izugarria da, baina lehen pauso bat baino ez da eraldaketa sozial sakon baten bidean. Greziako kapitalistek beren botere iturri nagusiak edukitzen jarraitzen dute: sektore finantzieroaren eta ekoizpen baliabide handien jabetza eta estatu aparatuaren kontrola. Allenderen gobernuarekin gertatu zen bezala Txilen edo Chavezekin Venezuelan, burgesiak bere botere ekonomiko guztia eta estatu aparatua erabiliko du gobernua saboteatzeko, ezegonkortzeko eta eraisteko.

Erreakzioaren ofentsiba saihestezin horri aurre egiteko modu bakarra alternatiba sozialista argi bat defendatzea da. Grezian jokoan dagoena da ea nork kontrolatzen duen gizartea: kapitalistek edo langileek. Sabotajearen aurrean, inbertsoreen grebaren aurrean, kapitalen ihesaren aurrean, beharrezkoa da ekonomiako funtsezko sektore guztiak nazionalizatzea eta hauek langileen kontrolpe demokratikoan jartzea da. Europatik finantzieroki itotzeko mehatxuaren aurrean, Syrizak langile klase europarraren elkartasunasunari egin behar dio dei, eta aldi berean, Europa osoko alderdi ezkertiarrek eta sindikatuek gobernu greziarra aktiboki babestu behar dute. Eta kapitalisten mehatxuen aurrean Europako Federazio Sozialistaren alternatiba altxatu behar da, bai Grezian eta baita Europa osoan.

Syrizaren garaipenak inflexio puntu bat adierazten du eta pisu historikoa duten hainbat prozesuren garapena: krisi kapitalistaren sakontasuna eta bertatik irteteko perspektiba falta; instituzio burgesen eta burgesiaren ordezkari politikoen sinesgarritasun galtze sakona; sektore finantzieroaren harropuzkeria, abarizia eta parasitismoa; sozialdemokraziaren porrota eta, dudarik gabe faktorerik garrantzitsuena, Greziako gazteriaren, langile klasearen eta pobreturiko erdi-mailako geruza zabalen borrokatzeko eta eraldaketarako borondatea.

Greziako egoera politikoan dauden elementu iraultzaile guztiak maila gorenago batera igo litezke. Murrizketen politikaren aurka egiteko prestutasuna azaldu duen gobernu baten aurkako erreakzioaren kolpeak are gehiago erradikalizatu dezakete langile mugimendua. Honela, klase arteko borrokan garai berri bat ireki liteke, non kapitalismoa garaitzea helburuen lehen tokian jarri daitekeen. Greziako zapalduek erresistentzia indartsu bat gauzatuko dute beren garaipena suntsitu nahi dutenen aurka. Esperientzia historikoak erakusten du gezurrezko ilusioak saltzen dituztenen buruetan bakarrik dela posible kapitalisten interesak langileenekin elkartzea. Grezia etapa berri batean sartu da: edo beraiek, kapitalistak eta bankariak beren austeritate hiltzailearekin; edo gu, herria eta langileak gizartea sozialismorantz eraldatuz.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.