Atzeraldi ekonomikoaren areagotzeak, Europa eta AEBen arteko, Txina, Japon eta AEBen arteko, eta Errusia eta AEBen arteko tentsioak handituko ditu. Iraganean, antzeko egoeretan, gerrate mundialak lehertu ziren. 30. hamarkadako kapitalismoaren krisia Bigarren Mundu Gerrak eta ekoizteko indarren suntsiketa masiboak “konpondu” zuten.
Hala ere, gaur egungo egoera desberdina da, beste potentziekiko inperialismo estatubatuarrak duen nagusitasunaren ondorioz. Baina honek ez du esan nahi munduko harremanetako ezaugarri nagusiak bakea eta adiskidetasuna izango direnik. Azken urteetako gertakizunek agerian utzi dute Sobietar Batasunaren erorketak ez zituela inperialisten arteko tentsioak desagerrarazi, guztiz kontrako gertatu da. Kasu asko ditugu, Irakeko gerra adibidez, inperialismoarentzako etengabeko arazo gogor bihurtu dena; Afganistango eta Pakistango borroka militarren handitzea, Obamak are gehiago haztea proposatu duena, porrotera kondenatua dagoena eta munduko eremu horretarako ondorio asmaezinak eramango dituena; Georgiako gerra, AEBen eta Errusiaren arteko tentsioak azaleratu dituena; eta Somaliako, Sudango, Kongoko… bezalako gerrak amaigabeak izan dira. Gerra guzti hauek egoera internazionalaren tentsioa eta ezegonkortasuna handitu dituzte.
Gerra azken finean, ekoizteko indarren sekulako potentzialaren eta jabego pribatuaren eta estatu burges nazional edo plurinazonalaren arteko kontraesanen adierazpena da. Krisi ekonomikoak oraindik eta gehiago areagotuko du kontraesan hau. Potentzia handienek, batez ere AEBek, beren botere militarra erabiliko dute arerioa beldurrarazteko, merkatuak kentzeko eta lehengaiak eskuratzeko. Nahiz eta botere militar eta ekonomiko txikiagoak izan, Txina, Errusia, Iran eta Brasil bezalako herrialdeak beren interesak ezartzen saiatuko dira euren zonaldeetan, harreman internazionaletan militarismoaren protagonismoa handituko delarik.
Hala ere, mundu mailako harremanetan kontutan hartu beharreko puntu garrantzitsuenetakoa da inperialismo estatubatuarrak militarki arazoak konpontzeko duen zailtasuna. Botere militar ikaragarria izan arren, arazo latzak ditu bere intereserako estrategikoak diren puntu ezberdinetan. Inperialistek beren buruagan zuten konfiantza ere asko jaitsi da azken garaietan eta masek bere gaitasunaz duten ikuspuntua ere aldatzen joan da honek erakutsitako ahuldadeen ondorioz. Elementu hau ikustea oinarrizkoa da sartu garen garai berrirako. Munduko historiako potentzia indartsuena lokatzetan murgilduta aurkitzen da Iraken; ez da gai izan Amerika Latinoko, bere “atzeko patioko”, inongo prozesu iraultzailetan militarki sartzeko; Afganistango egoera gero eta okerrago jartzen ari da bere interesetarako; Hego Osetiako gerran Errusiak garaipen garbia lortu zuen AEBen aliatua den Georgiaren aurka, Errusiaren eta inperialismo estatubatuarraren eta europarraren arteko harremanetan inflexio puntu bat markatuz. Orain arte Errusia geldi egon da inperialismo estatubatuarrak Europa ekialdean, Balkanetan eta Ekialde Hurbilean lortutako aurrerapenen aurrean, Errusiarentzat tradizionalki oso garrantzitsuak ziren eremuetan hain zuzen. Hego Osetian Georgiako gobernuak hasitako esku hartzearen aurrean, Errusia azken urteetako pasibotasunarekin geratuko zela uste zuen agian inperialismo estatubatuarrak, baina ez zen horrelakorik gertatu.
Guzti honek azaltzen du, inperialismo estatubatuarrari mundu mailan desafiatuko dion potentziarik ez egon arren, planetako hainbat eremutan AEBek zailtasun gehiago aurkitu dituztela beren interesak defendatzeko. AEBen beheraldi ekonomiko eta politikoa, bere interbentzio militarrek dituzten arazo larri guztiei lotuta, faktore politiko oso garrantzitsua izango da mundu mailako egoera politikoan. Inperialismo estatubatuarraren gainbeherak bera sostengatzen duen sistema kapitalistaren gainbehera islatzen du. Harreman internazionaletan ezegonkortasun gehiago sortuko den egoerari ateak irekitzen dizkio. Baina noski, mundu mailako harremanen ezegonkortasuna handitzeak ez du suposatzen arazoen konponketarik masentzat. Inperialismo estatubatuarraren ahuldadearen ondorioz beste potentzia batzuk indar gehiago hartzea ez da alternatiba aurrerakoi bat. AEBen boterea desafiatu nahi duten potentzien helburuak ere erabat erreakzionarioak dira. Burgesia europarra, Errusiako Putin eta bere lagunak, Iraneko mulak edo erregimen txinatarra ere erreakzioaren ordezkari dira, langile klasearen etsai porrokatuak noski.
Inperialismo estatubatuarraren gainbeheraren alde positiboa eta aurrerakoia ez da beste potentzia batzuen indartzea edo agerpena, herrialde kapitalista atzeratuetako eta kolonia ohietako masek euren indarretan hartuko duten konfiantza baizik, AEBetako burgesia garaiezina ez dela inoiz baino garbiago ikusirik.
Inperialismoa eta kapitalismoaren berfundaketa
Faktore ekonomikoak faktore politikoekin elkartuko dira gero eta gehiago krisiaren larriagotzearekin. Orain arte, potentzia inperialistak ez dira gai izan krisiari aurre egiteko mundu mailako plan koordinatu bat adosteko. Oso puntu garrantzitsua da hau. Gainera, bakoitzak bere aldetik jotzen jarraitzen badu krisiaren ondorioak gogorragoak izango dira. Burgesiaren analista batzuk gogoratzen ari diren bezala, 30. hamarkadako krisia jausialdi ekonomikoan bihurtu zen protekzionismoa eskenatokian sartu zen heinean.
Azken urteetan, hainbat eta hainbat bilera egin dituzte potentzien artean munduko merkataritza bultzatzeko helburuarekin. Baina, estatu guztietako burgesiak lehendabizi bere interes nazionalak zaintzen ditu eta krisi honek indartu egin ditu bakoitzaren irtenbide nazionalak. Denen artean egiten dituzten bileren gainetik, estatu bakoitzeko burgesiak bere helburuak zaintzeko ezin du besteen laguntzarik itxaron, bakoitzak bere itsasontzia salbatzeko beharra sentitzen du.
Dagoeneko oso egoera kaxkarrean dagoen munduko merkataritza gehiago okertuko du egoera honek. Mundu Bankuak merkataritza internazionala 2009an %2,5 jaitsiko dela iragartzen du, lehendabiziko aldia izango litzatekeelarik 1982tik.
G20ko bilera famatua, “kapitalismoa berfundatzea” helburu zuena, krisiari aurre egingo ziokeen benetako neurri koordinatu bat gabe bukatu zen. Europar Batasunean ere potentzia ezberdinen arteko talka ikusi da krisiaren aurreneko egunetatik. Ez dute lortu inbertsio publikorako plan bateratu bat adostea. Bakoitzak bere interesak defendatu nahi ditu. Alemaniak bere indar guztia bere arazoak konpontzeko erabili nahi du, asko diren arazoak, eta entzun ere ez du egin nahi atzeraldi ekonomikoari aurre egiteko plan komun bati buruzko ezer. Horrela, krisi honek EBren paralisia ere gehiago azaleratu du. Ikusiko dugu zein puntutaraino sakontzen dituen krisiak potentzia eta estatu europarren arteko banaketa. Moneta komuna eta interes politiko, ekonomiko eta geoestrategiko ezberdinak dituzten burgesien kontraesanek gora egingo dute.
Protekzionismoa modu askotan adieraz daiteke, ez bakarrik neurri arantzelarioen gogortzean. Etorkinen aurkako planak, zergen jaitsiera eta banku eta industri sektore batzuei emandako laguntzek langabezia eta krisia beste herrialdeetara esportatuko dute. Dinamika honekin adi egon behar dugu, posible baita potentzien artean akordio garrantzitsuetara heltzeko saiakerak egotea ere. Akordio hauek adosteko helburu nagusia leherketa sozial eta politikoak ekiditea izango da baina ez dute lortuko horrelako gertakizunak desagerraraztea.
Leninek aspaldi esan zuen kapitalismoarekin bukatu ezean gerra inperialistak ez direla bukatuko. Kapitalismoarekin bukatu ezean ez da posible izango zapalkuntza nazionalarekin eta sozialarekin amaitzea. Inperialistek beren indar guztia erabiliko dute sistema kapitalistari eusteko, gazte iraultzaile eta langile askok berriz alternatiba bakarra kapitalismoarekin bukatzea eta sozialismoaren alde borrokatzea dela ikusiko dute.