Krisi ekonomiko sakon eta gogor hau presio handia egiten ari da alderdi, sindikatu, patronal, gobernu eta estatu aparatuetan. Eragin sozial handia izango duten gero eta neurri gehiago hartzera behartuta dago burgesia, eta honen ondorioz zailagoa gertatzen da kapitalisten eta langile klasearen arteko interes ezberdinak ezkutatzea.
Patronalak egiten ari diren eskaerek agerian uzten dituzte burgesiaren helburuak: soldaten izoztea, kaleratzeen merkatzea, negoziazio kolektiboaren erreforma, enpresarien zergen eta kotizazio sozialen murriztea eta gastu publikoaren murriztea pentsio, osasun eta hezkuntzan. Neurri guzti hauek aurrera atera arte burgesiak ez du amore emango.
Burgesiak gustukoa du “bake sozialak” ematen duen egonkortasun politiko eta ekonomikoa, baina aldi berean, bere interesak defendatzeko oinarrizkoak diren eskaerek gatazka sozialak areagotuko dituzte. Beldurra diote klaseko borrokaren intentsifikazioari, baina aldi berean badakite ez direla gai gatazka sozialen gorakada ekiditeko. Egia da krisiaren hasieran gaudela, baina FMIko zuzendariak ohartarazi zuen bezala, “krisi honek iskanbila sozialak eragin ditzake, demokraziak mehatxatuz eta gatazketan eta gerretan ere bihurtuz”. Bestetik, AEBetako zerbitzu sekretuetako zuzendari berriak ere esan zuen kongresu estatubatuarrean, krisi ekonomikoak eragindako ezegonkortasuna bihurtu dela herrialdeko segurtasun arazo handienean, “terrorismoaren” gainetik. Mundu osoko burgesiak mota honetako azterketak ari dira egiten.
Akordio sozialak
Epe motzera behintzat, burgesiaren helburua borrokak atzeratzea eta langileak “akordio sozialekin” engainatzea izango da. Krisi garai guztietan gertatu den bezala, burgesiak ezkerreko sindikatu eta alderdien inplikazioa behar du “akordio sozial” hauek aurrera ateratzeko, langileak desmoralizatzeko eta hauen errebindikazioei legitimitatea kentzeko. Azpikeria honek arrakasta lortu dezan, kapitalistek “sakrifizioren” bat onartu dutela antzeztuko dute, langileen eta kapitalisten arteko mota honetako akordioetan beti gertatzen den bezala. Baina langileen sakrifizioak konkretuak izaten diren bitartean, kapitalistenak adierazpen politetan geratzen dira. Hala ere, gaur egungo egoera politiko eta sozialean, azpikeria hauek aurrera ateratzen ere zailtasunak izango dituzte.
Kapitalisten amarru eta mugimenduak ez dira erraz sinetsiak izango eta ez dituzte gatazka sozialak ekidingo. Gainera, maniobra zikin hauetan parte hartzera ausartzen diren ezkerreko sindikatu eta alderdietako zuzendaritzek langileen haserrea lortuko dute eta honek egoera gehiago asaldatu dezake. Gobernuek, agintari sindikal erreformistek eta patronalek “akordio sozialak” bultzatuko dituzte, baina akordio hauek onartzearen zailtasuna ez dago sindikalista eta politikari erreformisten borondatean, langile klasearen eta gazteriaren ondoez sakonean baizik. Egonkortasunaren eta langileen aurkako erasoen artean nolabaiteko oreka bat lortu nahi duten arren, azkenean oreka hau hautsi egingo da.
Borroka da bide bakarra
Langileen eta herritarren gehiengoaren aurkako erasoak geratzeko beharrezkoa da patronalei eta gobernuei aurre egitea. Agintari sindikalek zenbat eta zesio gehiago egin patronalei eta gobernuei, hauek eraso bortitzagoak antolatuko dituzte. Azken hilabeteetan Europako herrialde ezberdinetan eman diren greba orokorrek erakutsi dute zein den bidea. Ipar Euskal Herriko eta Estatu frantziarreko greba orokorrek arrakasta izan dute eta honek erakusten du langileak prest daudela mobilizatzeko. Euskal Herria Sozialistaren iritziz, LAB sindikatuak Estatu frantziarreko greba orokorrean jokatutako papera oso egokia da. Sindikatu frantziar gehienek LABekin lan egiteari uko egin dioten arren, honek greba orokorra babestu zuen. Dudarik gabe, Estatu frantziarreko langile askok begi onez ikusiko zuten LABek egindakoa, langileek gero eta garbiago ikusten baitute sindikatu guztien batasunarekin errazagoa dela kapitalisten erasoei aurre egitea.
Hego Euskal Herrian ere asko handitu da langile borroken kopurua. Baina orain arte, borroka gehienak, enpresa bakoitzeko langileek beren aldetik egindakoak izan dira. Errealitatea ordea erakusten ari da enpresaz enpresako borrokak ez direla nahikoa lanpostuak eta soldatak defendatzeko. Beharrezkoa da langileen borrokak koordinatzea eta elkartzea. Bide honetan, oso begi onez ikusi dugu maiatzak 21eko greba orokorra. Hau da bidea. ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta Hiruk konbokatutako greba orokor hau oinarrizko pausoa izan da langileen interesak defendatzeko.
UGT eta CCOO sindikatuek greba orokorra konbokatzeko arrazoiak ez daudela esateak erakusten du sindikatu hauetako zuzendaritzak erabat ustelduta daudela. Hala ere, seguru gaude UGT eta CCOO hainbat eta hainbat afiliatu greba bateratu bat egitearen alde egongo zela. Sindikatu guztietako langileei egindako inkesta batek erakutsi zuen langileak sindikatuen batasunaren alde daudela. Langile klasearen borroka zatitzeak burgesiari bakarrik egiten dio mesede, kasu honetan, kapitalista euskal herritar eta espainiarrei. Ezin ditugu onartu greba eta borroka bateratuak ez antolatzeko aitzakiak, edozein sindikatu dela ere zatiketa bultzatzen duena, langile klasearen borroka ahultzeko bakarrik balio baitute. Langileen eta sindikatuen batasuna da herritarren gehiengoaren interesak defendatzeko modu onena Estatu frantziarrean bezala.
Kapitalisten espropiazioa
Ezin dugu onartu soldata jaitsierarik, kaleratzerik, edo diru publikoa kapitalistei oparitzerik. Kapitalismoaren planei langileen batasunarekin egin behar diegu aurre, lanean eta langabezian daudenekin, fabrika eta nazio guztietako langileekin, eta noski, langile etorkinak ahaztu gabe. Borroka egin behar dugu lana denon artean banatzeko eta lanorduak murrizteko inolako soldata jaitsierarik gabe.
Kapitalisten eta langileen arteko borroka honetan abantaila ikaragarri bat dugu: langileen kopurua eta gure papera ekoizpenean. Gizarteak funtzionatu dezake kapitalistak gabe baina ez langileak gabe. Langile klaseak bankari eta enpresariek baino askoz hobeto zuzendu dezake gizartea. Baina mundu osoko langileriaren eta gazteriaren indarra kanalizatzeko modu bakarra ezkerreko sindikatu eta alderdiek programa benetan sozialista bat defendatzea da. Horregatik Euskal Herria Sozialistak programa iraultzaile bat defendatzea aldarrikatzen jarraituko du. Krisiaren aurka, banku eta monopolioen espropiazioa!! Langileok ekoizteko baliabideak kontrolatzen ditugunean bakarrik izango da posible hauek gizarteko gehiengoaren onerako erabiltzea. Gizarte sozialista batek bakarrik bermatu ditzake lortutako konkistak betirako izatea, eta behin betirako krisiekin, langabeziarekin eta soldata baxuekin amaitzea.
Krisi ekonomikoa agerian uzten ari da ez dagoela lekurik kapitalisten eta langileen interesak batera asebetetzeko. Merkatu askea ez da gai herritarren bizi baldintzak pixkanaka-pixkanaka hobetzeko azken urteetan esan diguten bezala. Estatu kapitalistak ez du balio aberastasuna banatzeko, gutxiengo baten pribilegioak modu lotsagarrian handitzeko baizik. Hau da, krisia ez zaigu kapitalismoaren porrota bakarrik erakusten ari, baita kapitalismo gizatiar bat posible dela defendatzen duten ideien baliogabetasuna ere. Kapitalismoaren gainbehera honetan, gizarteko gehiengoarentzako hobekuntza bakarrak langile klasearen eta gazteriaren borroka masibo, jarraitu, antolatu eta kontziente batekin soilik lortuko dira, hau da, burgesia gizarteko botere politiko eta ekonomikotik baztertzeko borrokarekin, iraultza sozialistaren aldeko borrokarekin. Ez dago beste irtenbide errealistarik.