Hala ere, datu hauek azaltzen dituen puntu garrantzitsu bat dago, 2006an eta 2007an agertzen ez dena. 2008ko urrian diru publikoari esker Zapateroren gobernuak bultzatutako erreskate planetan bankuek lortutako diru kopurua bost banku handi hauek iaz eskuratutako irabazien antzekoa izan zen. Langile famili eta enpresa txikiei dirua mailegatuko zitzaienaren aitzakian egindako erreskate planen ondorioa, aldiz, ez zen izan kredituen eskaintzaren gelditzearekin amaitzea. Zertarako izan ziren orduan euskal burgesiak ere babestutako gobernu espainiarraren erreskate planak? Ez ekonomian inbertitzeko, ez familiei dirua mailegatzeko, bankarien irabaziak babesteko baizik.
Aldizkari honetako orrietan hasieratik salatu genuena egiaztatzen joan da denbora pasa ahala: erreskate planek fondo publikoen xahutze basatia eragin dute, ez dute krisia konpondu eta gutxi batzuri soilik egin die mesede.
Zapateroren gobernua eta bankuak
Pasa den otsailean, Zapaterok banku eta kutxa nagusienetako ordezkariekin izandako bilera batean, enpresa eta familiei maileguak gehitzeko “ahalegin handiago bat egitea” eskatu zien presidente espainiarrak. Baina arazoa da bankuak ez direla ONGak, funtsezko helburutzat irabaziak lortzea duten erakunde pribatuak dira. Eta Estatuak bankuei dirutzak oparitu arren, honek ez du hauen izatea aldatzen. Industriako ministro espainiarrak “pazientzia amaitzen ari zitzaiola” esanagatik bankarien jarrera ez zen batere mugitu. Gainera, orain sustapeneko ministroa den Jose Blanco azkar atera zen esatera “pazientzia mugagabea duela” bankuekin.
Krisi kapitalista azpimarratzen ari da bankuen paper parasitarioa, agerian utziz ez dutela “eginkizun sozialik ekonomiaren dinamizatzaile bezala”, hainbat aditu prokapitalistek dioten moduan. Bankuak, esku pribatuetan, gizarteak sortutako aberastasun osoa irenstea mehatxatzen duten zulo beltzak dira. Egoera hain izan da eskandaligarria ezen AEBetako prentsa burgesak ere onartu egin behar izan zuela 163.000 milioi dolarreko diru laguntza publikoaren erdia akzionistei eta erakunde finantziero handietako ejekutiboei banatu zitzaiela, hauetako batzuk 18.500 milioi dolarreko sariak jasotzera iritsiz.
Zer zentzu du banku hauen jabegoak eta funtzionamendu irizpideak pribatu izaten jarraitzeak? Denon diruarekin gutxi batzuk aberastea du helburu bakar. Eman zaizkien diru laguntza publiko ikaragarri hauek gabe ez ziren gai izango aurrera egiteko. Baina Estatuak maileguak abalatu ditu, fondoak bermatu, ezer balio ez duten aktiboak erosi eta kapitalak zabaldu. Eta zer egin dute bitartean banku horien buru diren “enprendedoreek”? Irabaziak izaten jarraitu. Bankarien negozioa ezin da biribilagoa izan.
Ekonomialari batzuk adierazi dute banku guztiak, mundu mailan, birtualki kiebra jota daudela, baita beren balantzeetan superabitak azaltzen dituztenak ere. Agerian dago egoera oso larria dela. Bankuen aktiboak faltsuak dira, inolako baliorik ez duten “produktuekin” pozoituta baitaude. Aldi berean, bankuen akzioak handietsita daude zeren inbertitzaileek uste dute Estatuak kiebra joko duten banku guztiak erreskatatuko dituztela. Beste hitz batzutan, errealak edo potentzialak izan daitezkeen fondo publikoen xahutzaile bezala bizirauten du soilik banku pribatuak.
Nolako nazionalizazioak behar ditu langile klaseak?
Bankuek aberastasuna eta enplegua sortzeko eginkizuna izan dezaten, lehendabizi hartu beharreko neurria hauek nazionalizatzea da. Baina langileei interesatzen zaien nazionalizazio mota eta burgesiaren estrategek azken garaietan bultzatu dutena ezberdinak dira. Egin daitezke, eta egin dira gainera, irizpide erabat burgesak izan dituzten nazionalizazioak. Horrela, hainbat banku modu azkarrean “saneatzeko” eta sistema bere osotasunean arriskuan jarri zezaketen bankuen kolapsoa sahiesteko formula bezala erabili dituzte nazionalizazioak. Baina banku hauek irizpide pribatuekin funtzionatzen jarraitzen dute eta diru publikoarekin saneatu ondoren berriro pribatizatzen dituzte.
Egia da orokorrean burgesiari ez zaizkiola nazionalizazioak gustatzen, zeren agerian uzten dute bankuen eta ekoizteko indarren jabego pribatuaren porrota. Eta gainera, aurrekari arriskutsuak ezartzen dituzte. Horregatik, nazionalizazio guztiak aprobetxatu behar ditugu kapitalismoaren porrota salatzeko. Hala ere, langileok ez gara “banka publikoa” errebindikatzera edo besterik gabe bankaren nazionalizazioa defendatzera mugatu behar. Indemnizaziorik gabeko (akzionista txikiak salbu) eta langileen kontrolpeko nazionalizazioa defendatu behar da. Izan ere, gure sakrifizioei esker bankak irabazi duen diru guztia, gehi krisiaren aitzakiarekin jaso duten dirutza publiko guztia, mota guztietako inbertsio publikoak egiteko erabili ahako litzateke: herri eta auzoetako hornikuntza sozialetan, hezkuntza eta osasuneko kalitatezko sistema publiko batean, industria eta nekazaritza garatzeko, eta nola ez, kontsumoa eta negozio txikien inbertsioa errazteko. Zein arazo egongo litzateke ekonomiaren funtzionamenduaren ikuspuntutik neurri hauek aurrera eramateko? Bat ere ez. “Arazo” bakarra bankariek beren irabaziei uko egin beharko lieketela da.
Baina ekonomia, enplegua eta orokorrean garapen soziala bultzatzeko, bankaren nazionalizazioa osatu egin beharko litzateke industria eta monopolio garrantzitsuenen desjabetzearekin. Soilik horrela izango litzateke posible jabego pribatuak eta ekoizpen modu kapitalistaren anarkiak sortutako kaosa eta suntsiketa sahiestea.
Bankaren eta monopolio handien nazionalizazioaren programak, krisi kapitalistari aurre egiteko irtenbide bakarra denak, inoiz ez du izan gaur egun bezalako hain babes potentzial sozial zabalik. Horregatik, uste dugu, ezker abertzaleko eta LAB sindikatuko zuzendaritzek programa hau defendatuko balute, babes handia lortuko luketela, eta ez bakarrik langile klasean, baita krisi kapitalistak jo dituen erdi mailako sektoreetan ere.
Marxismoa eta langile klasea
Burgesiak oso arduratuta egoten jarraitzen du krisi hau eragiten ari den eta eragin ditzakeen ondorio politikoetan pentsatuz. Mundu osoan zabalduz doa sistema kapitalistaren sinesgarritasun eza. Gaur bizitzen ari garen bezalako une historikoetan ulertzen da ondoen marxismoa ez dela ideia arbitrario eta utopikoen eskema bat, langile klasearen beharren adierazpen kontzientea baizik. Era berean, langile klasea da gizateri osoa suntsiketara eta basakerira bultzatzen duen sistema deuseztu dezakeen klase bakarra. Eta marxismoak esaten duen moduan, krisi kapitalistak oso sakonak eta katastrofikoak izan daitezkeen arren, beharrezkoa da faktore kontziente, iraultzaile eta sozialista, behingoz hau izan dadin azken krisi kapitalista, horrela bidea irekiz etapa historiko berri batera, non klaseak, zapalkuntza eta mugak ez diren egongo etorkizuneko belaunaldientzat.