• Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

    Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

  • Gaza, infernua lurrean

    Gaza, infernua lurrean

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3


Caracasen ospatu zen Ezkerreko Alderdien topaketan, Hugo Chavez presidenteak kapitalismoaren aurkako borrokan V. Internazional Sozialista eraikitzearen deia egin zuen. Bere hitzetan, "La Quinta internacional debe ponerse a la altura del clamor de los pueblos y convertirse en un instrumento de unificación para salvar este planeta en medio de la crisis mundial del capitalismo".

Dudarik gabe beharrezkoa da zapalkuntza kapitalistarekin amaitzeko eta sozialismoa eraikitzeko gazteriaren eta langileriaren antolakuntza internazional bat. Sistema kapitalistaren gainbehera eta krisia mundu mailakoa diren moduan, zapalduen erantzunak ere internazionala izan behar du krisi ekonomikoaren, langabeziaren, pobreziaren, gerren eta planeta suntsiketaren aurka. Denaren gainetik jarri behar dira mundu mailako langile klasearen eta iraultza sozialistaren interesak, burgesiak herrialde guztietan bultzatzen dituen arrazismoa eta gorroto nazionala borrokatuz. Chavezek egindako deia aukera berri bat da mundu mailako langile klasearen eta gizarteko gainontzeko sektore zapalduen batasuna bultzatzeko, bereziki kapitalismoa gehiegizko ekoizpeneko krisi sakon bat igarotzen ari den honetan.

Erreformismoaren aurkako borroka

V. Internazionalak, iraganeko akats berberak ez errepikatzeko, kontuan hartu beharko lituzke beste lau internazionalen esperientziak, hauen arrakastak eta aldi berean hauen porrotak ulertzeko. II. Internazionalean (Internazional Sozialista), adibidez, ikusi zen bere zuzendaritzaren baldintza materialak gero eta gehiago urruntzen joan zirela langile eta masengandik eta burokratizazio prozesu horrek erreformismoaren sendotzea ekarri zuela. II. Internazionalaren zuzendaritza erreformistaren helburua kapitalismoaren aurka borrokatzea ez zenez, oso eroso sentitzen baitziren zuten bizitzarekin, mota guztietako teoriak sortzen ahalegindu ziren euren ekintzak justifikatzeko. Hemendik etorri zen kapitalismoa piskana aldatu omen daitekeenaren teoria, kapitalistak desjabetu eta estatu burgesa suntsitu beharrik ez dagoela defendatzen duen teoria erreformista. Marxek eta Engelsek, ordea, sozialismo zientifikoaren fundatzaileek hain zuzen, behin eta berriro defendatu zuten estatu iraultzaile bat eraikitzeko beharrezkoa dela kapitalistak desjabetzea eta estatu burgesa suntsitzea. II. Internazionalak erabat hautsi zuen marxismoarekin eta horren ondorioa izan zen bere gainbehera.

Gaur, mundu guztiko ezkerreko alderdietan jarraitzen dute egoten iraultza graduala izan daitekeela esaten duten sektoreak orain dela 100 urteko erreformistek bezala. Burgesia desjabetu gabe posible omen da ekonomia justuago bat eraikitzea, erreformekin nahikoa omen da sistema anker hau humanizatzea edo posible omen da kapitalistak izango lituzkeen sistema sozialista bat eraikitzea. Sektore hauen aurrean, ezkerreko alderdi hauetan militatzen duten edo botoa ematen dioten gazte eta langileen gehiengo handiak ordea mundu honetako arazoak behingoz konpontzeko helburuarekin programa, ideia eta metodo iraultzaileak bilatzen ditu nahiz eta modu inkonsziente batean izan kasu askotan.

Venezuelan eta Amerika Latinan Chavezen deialdiak ilusioa eta esperantza sortu ditu milioika gazte eta langileren artean. Chavezen inguruan dabiltzan hainbat agintari erreformista sozialdemokratek (nahiz eta euren burua batzutan sozialista eta komunista bezala aurkeztu) V. Internazionala sortzearen deialdia ez dute hainbeste pozekin hartu. Ez da kasualitatea. II. Internazionalaren gainbeherako eta III. Internazionalaren (Internazional Komunista) eraketako urteetan gertatu bezala, sektore erreformistek beldurra diote Internazional berri baten eraikuntzari. 30. hamarkada ez geroztik kapitalismoak bizi izan duen krisi handienean gaudenean eta Venezuelakoa bezalako iraultza baten testuinguruan, erreformistek badakite militante eta ezkerreko ekintzaile askoren artean itxaropen handia sortuko duela Internazional berri batek eta programa eta metodo iraultzaileen aldeko borroka bultzatuko duela.

Zertarako balio du Internazional batek?

III. Irternazionala 1917ko Errusiako iraultza sozialistatik jaio zen. Leninek esan zuen iraultza errusiarraren konkistarik garrantzitsuena III. Internazionala izan zela eta iraultza hura munduko iraultza sozialistaren lehen pausoa zela, gaur egun iraultza venezolarrarekin gertatzen den bezala. Garai haietako erreferentzia puntua Sobietar Batasuna zen abangoardia internazionalean izan zuen eraginagatik eta gaur Venezuela bihurtu da munduko milioika herritarrentzat erreferentzia puntu.

Beharrezkoa da degenerazio burokratikoaren aurretik egondako III. Internazionalaren historia ezagutzea. Lehen lau kongresuak Lenin eta Trotskyk zuzendu zituzten. Internazional batek nola funtzionatu beharko lukeen jakiteko ikasgai garrantzitsu asko atera daitezke urte horietatik. Iraultza errusiarrari erasotu zioten 21 ejertzito atzerritarrei aurre nola egin zitzaienaren ikasgaia dugu horietako bat. Mundu osoko burgesia guztiak bat eginik, Lehen Mundu Gerratik sobratu ziren errekurtso eta arma guztiak erabili zituzten iraultza sobietarraren aurka. Nola azaldu hiru urte luzetako gerra gogorrean iraultza errusiarrak garaipena lortzea hainbeste etsai indartsuren aurrean? Trotskyk esan zuen gerra baten %90 ideiekin, programarekin eta metodoekin irabazten dela eta gainontzeko %10 taktika militarrekin. Armak baino gehiago politika internazionalista izan zen iraultza errusiarra salbatu zuena. Boltxebikeak herrialde guztietako langile klasera zuzendu ziren hauek iraultza errusiarra eraso guztietatik babes zezaten. Munduko langileen zapalkuntza prozesu iraultzaile errusiarrarekin lotzen jakin zuten. Honek hainbat herrialdetan langileen mugimendua eragin zuen eta burgesia bere erasoak geratzera behartu zuten. Kasu askotan 21 herrialde horietako burgesiek beren soldaduak erretiratu egin behar izan zituzten propaganda boltxebikearekin kutxatzen ari zirelako. Borroka internazionalista hau burutu gabe iraultza errusiarra itota geratuko zen.     

Programa eta metodo marxistak

II. Internazionalaren degenerazio erreformistari aurre eginez sortu zen III. Internazionala eta garai hartan bezala gaur ere eztabaida dago Venezuelako masen mugiemenduan eta mundu mailako ezkerreko erakundeetan. Bere garaian Lenin eta Trotskyk marxismoaren ideiak defendatzeko beharrezkoa izan zuten erreformisten eta joera ultraezkertiarren aurka egitea. Gaur egun ere beharrezkoa da lan hori aurrera eramatea metodo burokratikoak eta programa erreformistak kritikatuz langile klasearen erakundeetan (sindikatu, ezkerreko alderdi, ezkerreko mugimendu…). Ezkerreko erakundeetan programa iraultzaile bat defendatzea oinarrizkoa da kapitalismoari aurre egiteko borroka antolatzeko. Zer defenditu behar du programa iraultzaileak? Banku, monopolio eta latifundioen desjabetzea langileen kontrolpean eta ekonomiaren planifikazio demokratikoa aldi berean estatu burgesaren suntsiketa eta langile demokraziaren eratzea defendatuz. Estatu iraultzaileak langileen, herritarren, bizilagunen… langile kontseiluetan oinarritu beharko luke eta Leninek defendatu zuen moduan kontseilu hauetako ordezkari guztiak aukeragarriak eta kengarriak izan beharko lirateke une oro, postu guztiak txandakakoak eta soldata ez litzateke izan behar langile kualifikatu batena baino altuagoa.   

Kapitalismoarekin eta berak sortzen dituen arazo guztiekin amaitzeko modu bakarra ekoizteko baliabideak eta gizarteko erraminta guztiak herriaren eskuetan jartzea da, hau da, sozialismoarekin. Herrialderen batean bertako langile eta zapaduek kapitalismoarekin amaitzen badute beharrezkoa da iraultza beste herrialdeetara zabaltzea. Hori da herrialde horretako iraultzaren azkenerainoko garaipena bermatzeko modu bakarra. Internazional bat eraikitzearen garrantzia hor agertzen da bete betean. Munduko Herrien Federazio Sozialista lortzeko beharrezkoa da langile eta zapaldu guztiak elkartzea hauen kolorea, arraza eta hizkuntza desberdinak izan arren. Sozialismoa internazionala da edo ez da izango! Marxisten betebeharra da dauden erakundeetan sozialismoaren aldeko ideiak, programa eta metodoak bultzatzea eta euren militantekideekin eta langile klasearekin batera kapitalismoaren aurkako lehen lerroan egotea.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.