• Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

    Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

  • Gaza, infernua lurrean

    Gaza, infernua lurrean

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3


Mundu mailako erakunde ekonomikoek (FMI, MB, OCDE) ideia nagusi bat zabaltzen jarraitu dute: krisiaren okerrena pasata dago eta 2010ean atzeraldi ekonomikotik aterako gara. Baina euren informeen arabera, atzeralditik ateratzeak ez ditu saihestuko langabezi masiboa eta familien kontsumoaren jaitsiera. Urte honetarako AEBtako, EBko eta Japoniako hazkuntza ekonomikoak %1 eta %1,5 artean bakarrik ibiliko dira datu horien arabera.

 

Ekonomia estimulatzeko eta banku pribatuak salbatzeko plan publikoek arazoa finantza publikoetara eraman dute. Estatu kapitalista aurreratuetan, batik bat AEB, EB, Japon eta Txinan, zor ikaragarriak pilatu dira, ekonomiaren eta politikaren egonkortasuna mehatxatzen direlarik.

Ekonomia erregulatzeko saiakerek porrota jasan dute. Merkatu finantzarioen kontrolean ez da aurrerapausorik eman eta lehen bezala funtzionatzen jarraitzen dute. Beste burbuila espekulatibo bat sortu da azken hilabeteetan estatuek bankuei emandako diru publikoari esker. Denon dirua erabili da modu lotsagarrian banku pribatuen zenbaki gorriak saneatzeko, eta orain banku hauek irabazi bikainak lortzen ari dira zor publikoaren merkatuan eta burtsako eragiketetan eta lehengaien merkatuan espekulatuz. Hemen ikusten da kapital finantzarioari ezin zaizkiola mugak jarri kapital finantzarioaren legeekin. Wall Streeten 2009ko irabaziak honen guztiaren erakusgarri dira: iazko urteko irabaziek orain dela hiru urteko errekorra gainditu dute.

Estatuen zor historikoak

Munduko 30 estatu aurreratuenen zor publikoek beren BPGren %100 hartuko dute. Bake garaietan sekula ez da ezagutu horrenbesteko zor publikorik. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo datuek soilik gainditzen dituzte gaur egungo estatuen zorrak. Bi urte baino gutxiagotan, AEBtako, EBeko, Txinako eta Japoniako gobernu kapitalistek diru publikoko 20 bilioi dolar erabili dituzte, ia munduko BPGaren herena, bankuen kiebra saihesteko eta amildegirantz zihoan ekonomia estimulatzeko. Baina nahiz eta dirutza guzti horiek erabili, aktibitate pribatua ez da errekuperatu funtsean. Bitartean, banku eta multinazionalei milioitza horiek oparitzearen ondorioz, estatu garatuenen zor publikoa sostengaezin bihurtzen ari da. Honi aurre egiteko burgesiak gerrikoa estutzearen beharraren alde egiten du kanpaina: gizarte gastuen murrizketa (hezkuntza, osasuna, langabezia sorospena…), pribatizazio gehiago, soldaten jaitsiera eta lan erreforma berriak.

Kapital finantzarioaren paper parasitarioa inoiz baino begi-bistakoago ari da geratzen. Ez ditu irabaziak ateratzen laguntza publikoei esker soilik, estatu kapitalisten zor publikoa finantzatzeari esker ere ikaragarrizko dirutzak ari da lortzen. Estatu espainiarraren kasuan, zor publikoen urteko interesen ordainketa 20.000 milioi eurotik gorakoa da, estatuko aurrekontu orokorren hirugarren partida pentsioen eta langabezia sorospenaren atzetik bakarrik! Joko nazkagarri honetan, banka espainiarrak, mundu osokoarekin batera, kredituen merkatu publikoan (Europako Banku Zentrala, Erreserba Federala…) %1eko tasetan lortzen du dirua eta zor publikoa %3ko interesetan erosten du. Posible al da negozio errentagarriagorik? Errekurtso publikoak espekulatzaile iruzurti gutxi batzuen eskuetan jartzen ari dira gobernu kapitalistak.

Datu hauek baieztatzen dute jasaten dugun kapital finantzarioaren benetako diktadura. Honek erakusten du oinarrizkoa dela bankuak desjabetzea langileen eta hauen erakundeen kontrolpe demokratikoan. Hau egin ezean ezinezkoa izango da krisiaren aurka neurriak hartzea herritarren gehiengoaren alde. Ezin da eraiki behar sozialak aseko lituzkeen ekoizpen eredu berri bat burgesia finantzarioari ekonomiaren kontrola kendu gabe. Eta hau ezin da egin kapitalismoa garaitu gabe eta gizartearen eraldaketa sozialista lortu dezakeen borroka iraultzailerik gabe.  

Botere politikoa botere ekonomikoari erabat lotuta dago historiak behin eta berriro baieztatu digun moduan eta krisi honekin oraindik eta ageriago geratu da. Munduko gobernu guztiek, salbuespen batzuk kenduta, batzorde exekutibo modura funtzionatzen dute klase kapitalistaren interesen defentsan. Plutokrazia ekonomikoaren aurrean belaunikatu dira eta txintxo-txintxo kapitalistek eskatutakoa betetzen ari dira txintik esan gabe.    

Atzeraldiak jarraitu egin dezake

Orain gutxietsi egin nahi den beheraldi ekonomikoaren izaera sakonak azaltzen ditu zulotik ateratzeko dauden zailtasunak. Gaur egungo atzeraldiaren eta 1929ko crackaren antzekotasuna nabarmena dela azaldu dute historia ekonomikoaren ikerlariek. Azken urte eta erdian ekoizpen industriala, burtsako merkatuak eta mundu mailako merkataritza 1929ko Beheraldi Handiaren hasieretan baino gehiago erori da, eta iazko udatik aurrera bakarrik hasi dira datuak zerbait hobetzen.   

Erakunde internazionalek diote ekoizpen industriala urte honetan errekuperatu daitekeela baina gogoratu beharra dago estimulu publikoak ezin duela ekonomiaren norabide orokorra aldatu. Gakoak kapital pribatuaren inbertsioa eta herrialde aurreratuetako kontsumo pribatua dira. Baina arazoa da kapital pribatuaren inbertsioa lur-jota dagoela eta adibidez familia estatubatuarren kontsumoa, munduko BPGaren %15 hartzen duena, maila baxuan dagoela dituzten zorren eta langabezi masiboaren ondorioz. Honek denak errekuperazio ekonomikoaren aurreikuspenak zailtzen ditu.

Bigarren Mundu Gerraraino joan beharra dago herrialde industrializatuetako BPGaren erorketa hain handia ikusteko (%-3,5 2009an). Antzekoa esan genezake langabeziarekin, kasu honetan 30. hamarkadako beheraldi ekonomikora joan beharko genukeelarik. OCDEko ekonomietan, munduko 30 estatu industrializatuenetan hain zuzen, langabezia 60 milioi biztanletara iritsi da. Krisia hasi zenetik langabezia bikoiztu egin da!    

Europan, kasurik onenean, Estatu frantziarreko eta Alemaniako geldialdi ekonomikoaren jarraipena emango da baina Britainia Handian krisiaren sakontasuna mantendu egingo da. Italiako, Estatu espainiarreko, Greziako, Portugalgo eta Euskal Herriko egoera okerragoa da. Horregatik, Japoniak bi hamarkadetan zehar bizi behar izan duen geldialdi ekonomikoa hipotesietako bat da foro ekonomiko askotan.

Langile klasea eta krisia

Burgesia internazionalak aurkezten dituen aurreikuspenak kontuan hartzen baditugu, langile klasearentzat ondorioak amesgaizto dira. Ez dute nahikoa orain arte aurrera eramandako eraso guztiekin. Soldaten, lan eskubideen eta langile mugimenduaren lorpen historikoen aurkako borroka sakondu nahi dute. Orain arte, arrakasta izan dute euren erasoek sindikatu gehienetako agintari erreformisten babesari esker. Agintari sozialdemokratek, politikoak edo sindikalak izan, kapitalisten interesak defendatu dituzte ezkerreranzko bide bat hartu beharrean krisiari aurre egiteko. Horregatik, krisi honen ondorioz, langile askoren konfiantza jaitsi egingo da erreforma txikiena ere lortzen ez duen politika erreformistarekiko.

Berriro esango dugu: beharrezkoa da sindikatuek langileen mobilizazio bateratuak antolatzea. Beharrezkoa da aldi berean borroka politikoa planteatzea eta aldarrikapen sozialistak dituen programa bat defendatzea. Diru publikoa lanpostuak, soldatak eta gizarte zerbitzuak defendatzeko erabili behar dela aldarrikatuz, bankuen desjabetzea eta hauek langile kontrolean jartzea defendatu behar dute sindikatuek eta ezkerreko alderdi edo mugimenduek. Krisi ekonomiko honen aurrean, enpresaz enpresako borroka sindikala ez da nahikoa. Borroka ekonomikoa borroka politiko zabal eta eraginkor batean eraldatu behar da langile familientzat oinarrizko lorpenak eskuratu nahi baditugu. Langile klasearen eta gazteriaren kontzientzia eta antolakuntza areagotuko duen borroka behar dugu gizartearen eraldaketa sozialistarako indarrak pilatzeko.   

Klaseko borroka, antolakuntza eta mobilizazioa dira munduko milioika biztanleren bizi baldintzak defendatzeko eta gaur egun bizi dugun egoera larri honi aurre egiteko modu bakarra. Ez dago zalantzarik burgesiaren eraso eta planek masen mobilizazioak eragingo dituztela, eta ikusten ari garen sintomek agerian uzten dute ekaitza prestatzen ari dela. Marxisten eta langile borrokalarienen lana prozesu honen dinamika ulertzea eta langile mugimendura programa iraultzaile baten beharra eramatea da. Etorkizuneko gertakizunetarako prestatu behar dugu langile klasearen borroketan parte hartuz, “bake sozialaren aldeko politika” deitutakoa borrokatuz eta sindikalgintza demokratiko, borrokalari eta klaseko bat defendatuz. Euskal Herria Sozialistaren lana marxismoaren ideiak langileen erakunde eta mobilizazioetara, fabriketara, ikastetxeetara eta gazteriarengana eramatea izango da. 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.