Zapateroren gobernuaren herstura planarekin eta lan erreformarekin fase berri bat ireki da. Kapitalista espainiarrek, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako kapitalisten babesarekin, langile klasearen aurkako erasoak handitzeko erabakia hartu zuten eta PSOEren gobernua, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, hau praktikan jartzen ari da. Honen ondorioz, gatazka sozial sakonagoak eta ezegonkortasun politiko handiagoak sortzeko mehatxua egon arren, klase dominatzaileak ondorioztatu du garaia dela “neurri estrukturalak” martxan jartzeko.
Irabazi enpresarialen erorketa konpentsatzeko eta Estatuak pilatuta dauzkan zorrak sektore finantzarioari ordaintzea bermatzeko modu bakarra gastu sozialak, soldatak eta langile klaseak eremu guztietan lortutako eskubideak murriztea da. Horregatik, ez zaie nahikoa milaka langile kaleratzea, hipotekak ordaindu ezin dituztenak etxeetatik botatzea eta diru publikoko kantitate ikaragarriak banku eta enpresa handiei ematea.
Estatu espainiarreko burgesiak eta PSOEren gobernuak erabat bereganatu dute azken hamarkadetan langile klasearen aurka egin diren eraso gogorrenak aurrera ateratzea. Maila politikoan, ez dago dudarik burgesia espainiarra “erabili eta bota” politika zaharra erabiltzen ari dela. PSOEren gobernuaren “iniziatiba ausartak” txalotu dituzten bitartean, bidea prestatzen ari dira “alternantzia demokratikorako”, PSOE erabat erreta geratzen denerako bere oinarri sozialaren aurrean. PSOEko agintariek taktika suizida honetan hainbesteko irrikarekin parte hartzeak azalpen bat du. Marxismoak beti azaldu duen moduan, gobernu edo alderdi batek kapitalismoa onartzen badu posible den eredu bakar bezala, honen eskakizun guztiak onartzen bukatuko du, baita langileentzako erreakzionarioenak eta kaltegarrienak direnak ere. Lege politiko honek oinarrizko garrantzia hartzen du gaur, krisi kapitalistaren larritasunak murriztu egiten baitu kapitalisten eta langileen artean kontziliazioa bultzatzen duten posizio horien maniobratzeko eremua.
Bide honi jarraituz, langile publikoen soldaten murrizketaren ondoren, Zapateroren gobernuak patronalak eskatzen zion ondorengo pauso handia eman du: lan erreforma basati eta historiko bat. Legeria berri honekin, enpresariek hau lortuko dute:
-Errazago eta merkeago kaleratu, zeren kaleratze inprozedenteak, orain arte lan egindako urte bakoitzagatik 45 egun indemnizatzen baziren eta 42 hilabeteko topearekin, 20 eta 12ra pasatzen dira hurrenez hurren. Indemnizazioko 20 egunetatik, enpresariek 12 bakarrik ordaindu beharko dituzte, beste 8ak diru publikotik aterako baitira, FOGASAtik konkretuki.
-Galerak dituzten enpresek hitzarmen kolektiboa ez dute bete beharko, lan baldintza guztiak malgutzeko aukera edukiz (soldatak, ordutegiak, jardunaldien banaketa, turnoak…) eta modu prozedentean kaleratzeak eginez, hau da, merkeago. Guzti hau akordio sindikal baten beharra gabe. Hitzarmen kolektiboari eta eskubide sindikalei eraso zuzen bat da. Krisi orokorreko eta langabezia masiboko testuinguruan, hitzarmen kolektiboak langileak elkartzen ditu klase bezala eta langile mugimenduaren batasuna indartzen du bakoitzaren lantegitik haratago. Erreforma honek langile klasearen atomizazioa sakontzen du enpresen arteko lehiakortasuna bultzatuz eta langileak beren eskubideetan beherapenak onartzera behartuz.
-Kontratazioa negozio bat bezala erabili, enpresa pribatuak izango baitira, ETTak, langileak hautatuko dituztenak lan eskaintzetarako.
Azken finean, erreforma honekin enpresarien gustuko lan baldintzak bultzatuko dira. Eta hala ere, CEOE eta Confebaskek ez dute nahikoa eta kaleratzeak gehiago merkatzea eta erraztea, kotizazio sozialak jaistea eta gaur egungo babes sozialaren ereduaren erreforma bat eskatzen dituzte, hau da, kolpetik azken hamarkadetako langile klasearen konkista guztiak suntsitzea. Honetarako, Zapaterori 2011ko gastu sozialerako 16.000 milioi baino gehiagoko herstura plan berri bat eskatzen dion burgesia europarraren babesa dute. Baita PP, PNV, CiU eta CC alderdi eskuindarrena ere, zeinak PSOE kritikatzen aritu diren erreforma lehenago nahi zutelako, eta gainera gogorragoa. PNVko Josu Erkorekak onartu zuen bezala, lan erreformak “guztiz ezinbestekoak diren malgutasun elementuak ditu baina ez da nahikoa”. Noski, ezinbestekoak eta gutxiegizkoak euskal burgesiarentzat. Bitartean, langileek, krisi kapitalistaren benetako biktimak, ondorio guztiak ordaintzen jarraitzen dute pobrezia gehiagorekin eta 180.000 langabetutik gorako datu historikoarekin Hego Euskal Herrian.
Ekainaren 29ko greba, kapitalisten planen aurkako borrokan pauso garrantzitsu bat
Eraso larri horien aurrean, Euskal Herriko gehiengo sindikalak maiatzaren 21ean hasitako bidea jarraitu du, ekainaren 29an greba orokor bat konbokatuz. Konbokatoria hau politikoa izateaz akusatu izan dira ELA eta LAB, baina errealitatean greba orokor guztiak dira ekintza politikoak, non langile klaseak bere papera eta bere indarra errebindikatzen dituen gizartean, kapitalisten presioaren aurrean, beren arazo konkretuak alternatiba orokor bat aurkitzearekin lotuz, mahai gainean jarriz borroka honen funtsa aberatsen eta behartsuen artean dagoela. Horregatik, burgesiak erasoaldi politiko bortitza jaurtiko du greben aurka langileak desmoralizatzea eta zatitzea lortu nahirik, bere ekintzen garrantzia minimizatuz. Hasieratik, burgesiarentzat, ekainaren 29ko eta irailaren 29ko greba orokorrak erasotuak izan behar ziren greba politikoak ziren eta beren arrakasta saihestu behar zuten. Eta horregatik hain zuzen, garrantzitsua zen aldi berean langile klasearentzat bi konbokatoria hauen arrakasta.
CCOO eta UGTko agintariek ez lituzkete erabili behar burgesiak maneiatutako argudio hauek. Azkenean CCOOk egin bezala (nahiz eta Nafarroan ez konbokatzea akatsa izan), beharrezkoa zen ekainaren 29ko grebara gehitzea batasun eta indar handiagoa emateko.
Zentzu honetan, irailaren 29ko grebak ere bateratua izan behar du, eta euskal sindikatuek babestu egin behar dute, egokia zen bezala Iparraldeari eragin zion ekainaren 24ko estatu frantziarreko greba orokorra babestea. Ekintza sindikalaren batasunak, gure etsaiak euren erasoetan elkartuta dauden unean, ez du esan nahi euskal sindikatuek beren errebindikazioak defendatzeari edo sindikatu estatalak kritikatzeari uztea. Are gehiago, posible da eta beharrezkoa da gainera, zeren CCOO eta UGTk orain dela asko konbokatu beharko zuketen greba orokorra PSOEren gobernuaren eta patronalaren erasoei aurre egiteko. Baina gainera, irailaren 29a ezin delako ezeren bukaera bezala hartu, borroka zabalago eta maila europarreko prozesu baten jarraipena bezala baizik, langile klasearen kontzientzia igoko duena, errebindikazio oinarrizkoenak krisi hau eragiten duen kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotuz. Horregatik, programa antikapitalista baten alde borrokatzeko beharra mahai gainean jartzeko balio behar dute greba orokorrek, sistema bidegabe eta erreakzionario hau gaindituko duen alternatiba baten alde: hau da, gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borroka, Euskal Herrira eta mundu osora benetako demokrazia ekarri dezakeen bakarra.
Krisi kapitalista agerian uzten ari da beharrezkoak direla langile mugimendua elkartzeko eta indartzeko taktika eta estrategia. Hau lortzeko, langile klaseari perspektiba bat eta borrokarako programa argi bat eman behar zaizkio, krisi kapitalistaren aurkako klaseko alternatiba batean oinarritutakoa. Baina aldaketa hau posible izateko, funtsezkoa da erakunde sindikal eta politikoek politika iraultzaile bat defendatzea. Maila politikoan erreformismoak eta maila sindikalean “txarrik txikiena” deituriko politikak erakutsi dute praktikan ez dutela balio gizarteko gehiengoaren interesak defendatzeko. Krisi kapitalista, epe motzekoa izango ez dena eta datorren garai historikoa baldintzatuko duena, mahai gainean jartzen ari da gehiengoaren interesak defendatzeko politika errealista eta kontsekuente bakarra marxismoa dela. Klaseko borrokaren garai hauetan beraz, beharrezkoa da langile klasearen sindikatuek eta erakunde politikoek marxismoaren ideiak berreskuratzea eta defendatzea.
Badago alternatiba bat kapitalismoarentzako: gizartearen gehiengoaren interesen arabera funtzionatuko lukeen ekonomia planifikatua, non aberastasuna sortzen duten funtsezko palankak (industria handiak, energiaren ekoizpena, komunikazioa, garraioak eta kreditu sistema) nazionalizatuta egongo liratekeen, langileen kontrolpean. Denok lanpostu bat izatea eta lana baldintza duinetan egitea oztopatzen duen gauza bakarra gizarteko gutxiengo baten interes partikularrak eta zekenak dira. Bada garaia gauzak garbi uzteko, bada garaia benetako programa sozialistaren bandera altxatzeko.