Euskal Herriak alternatiba iraultzaile bat behar du
Krisi kapitalistak erakunde eta alderdi politiko bakoitza inoiz baino garbiago posizionatzera behartzen du. Eskuineko alderdiak, euskal eskuina, kataluniarra edo espainiarra izan, enpresarien, bankaren eta monopolio handien interesak argi eta garbi defendatzen ari dira. Bestalde, PSOEko agintariak berriz, kapitalismoa eta honen ondorioak onartzen dituzten heinean, sektore horien presioen aurrean makurtzen eta langileen, gazteriaren, langabeen eta pentsionisten aurka mota guztietako eraso basatiak aurrera eramaten. Bi kasuetan, kointzidentziak nabarmenak eta eskandaluzkoak dira.
Sozialista bezala autodefinatzea gustatzen zaien arren, PSOE eta PSEko agintari sozialdemokratek kapitalisten lan zikina egiten jarraitzen dute, langile klasearen aurkako aurrekaririk gabeko erasoetan aktiboki inplikatuz. Esaten digute enplegatu publikoen soldata murriztea, erretiro adina handitzea edota kaleratzea merkatzea krisitik ateratzeko derrigorrezko sakrifizioak direla. Baina gezurretan ari dira. Orain dela hiru urte inguru, kapitalismoaren krisi ekonomiko larriena lehertu zenetik, sakrifizioak alde bakarrekoak izan dira: langile familienak. PSOE eta PSEko agintariak eskuinaren menpe daude aurrekontuetako hiru negoziazioetan: kontu estataletan EAJ-PNVrekin, Eusko Jaurlaritzakoan PPrekin eta diputazioetan EAJ-PNVrekin. Saihestezina da negoziaketa hauetatik langileen, gazteriaren, langabetuen eta pentsionisten aurkako eraso berriak bakarrik ateratzea.
Euskal Herrian, kapitalismoaren krisiari eta langile klasearen aurkako erasoaldiari ezker abertzalearen “Zutik Euskal Herria” dokumentuak izan dituen ondorio politikoak eta “ekintza armatu erasokorrak” ez egitera konprometitzen den ETAren komunikatua gehitzen zaizkie. Ez dago dudarik masen borroka politikoaren alde apustu egiten duen ezker abertzalearen oinarrien erabaki gehiengodunak, aukera handiak irekitzen dituela gure helburuak lortzeko: Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea eta gizartearen eraldaketa sozialista.
Hala ere, hemendik aurrera irekitzen den bidea zailtasunez eta desafioz beteta egongo da. Burgesia espainolistak eta PPk, PSOEren gobernuak eta, nola ez, Zapaterorekin hain harreman onak eta estuak mantentzen dituzten EAJ-PNVko agintariek, iharduki dute, beren estrategiaren oinarrizko puntu bezala, ezker abertzalearen jazarpenean eta errepresioan. Iragan den ekainean, PSEko presidente Jesus Egigurenek Patxi Lopezi ezker abertzalearen apustua babesteko eskatu zion, baina lehendakariaren jarrera hau mespretxatzea izan zen, eta gainera, errepresioarekin jarraitzearen beharraz hitz egin zuen berriro. Beste aldetik, ekainaren 30ean Madrilgo Kongresuko Komisio Konstituzionalak eskubide demokratikoak erasotzen dituen PSOEk eta PPk hitzartutako proposamena onartu zuen instituzioetan ezker abertzalearen presentzia eragozteko helburu bakarrarekin, eta bereziki hurrengo udal hauteskundeetan bere parte-hartzea betatzeko. Hauteskunde legearen erreforma honekin antolaketa ilegal batek “kolonizatutako” alderdi, federazio edo koalizio legal baten edozein lista inpugnatu ahal izango da. Lege berriak “geroago” zinegotziak edo diputatuak bere kargutik kentzea ahalbidetzen du aukeratuak izan ziren beren erakundeak ilegal deklaratzen badituzte. Gainera, Fiskaltzaren eta Estatuko Abogaziaren marjinak zabaltzen dira hauteskunde kanpainan ere hautagaiak inpugna ditzaten. Neurri honen atzean PP, PSOE, EAJ-PNV eta UPNren hauteskunde interesak gordetzen dira batik bat, ezker abertzalea udaletxeetan, diputazioetan eta Gasteizeko eta Iruñeako parlamentuetan ez egoteaz onuratzen baitira.
Begi-bistakoa da eskubide demokratikoen aurkako erasoek eta errepresioak ez dituztela oporrak hartu hilabete hauetan. Adibidez, abuztuaren 16ean Audientzia Nazionalak Barakaldoko lau gazte 7 urte eta 6 hilabetera kondenatu zituen kutxazain bat erasotzeaz akusatuta. Gazteek hasieratik beren errugabetasuna mantendu zuten bitartean, Fiskaltzak 33 urteko kartzela eskatu zuen haietako bakoitzarentzat. PSOEren gobernua Marokoko erregearen eta Obamaren aurrean makurtzen denean, nahiz eta hauek hilketa zibilak antolatu Saharan edo Iraken kapitalisten interesak defendatzeko, gazte hauek beren bizi osorako kartzelara joateko arriskua izan zuten ustez kutxazain bat eraso omen zutelako. Asko dira adibideak, baina horien artean nabarmentzen da, ezker abertzaleak emandako pausoen ondoren, PSOEren gobernuak ez duela keinurik egin politika penitentziarioan, aurkakoa, dirudienez bere asmoa gogortzen jarraitzea da. Velasco epaileak presoen argazkiak kaleetatik kentzeko eta hainbat ekitaldiri betoa jartzeko agindu duen bitartean, gaixorik dauden presoek jasaten duten jazarpena salatu du Etxeratek. Hori baieztatzen du Mikel Ibañez berriro espetxeratzeko edo Gotzone Lopez de Luzuriagari kondena bederatzi urte luzatzeko erabakiak, biak gaixotasun larriekin daudenean. Gotzoneren kasuan, 21 urte espetxeratuta egon ondoren, kondena bete zuen abuztuaren 11ean eta minbizia du, baina Gorenak ez du arazorik izan bere kondena beste 9 urtez luzatzeko. Etxeratek, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten eta espetxean jarraitzen duten zazpi presoren egoera larria zehaztu zuen, ezagutzera emanez gai honi buruz medikuntzako profesionalek sinatutako aldarrikapenak. Besteak beste, jakinarazi zuten “pertsona orok, preso egonda ere, edozein herritarrek duen eskubide bera du kalitatezko osasun integral bat izateko”, eta euskal preso politikoek osasun duina jasotzeko aukera izatea eskatzen dute, konfiantzazko mediku batek zain ditzatela eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten haiek aska ditzatela. Euskal Herria Sozialistatik, gure babesa ematen diegu noski oinarrizko aldarrikapen hauei guztiei.
Datu hauek eskuan edukita, galdera berbera egiten diegu PSOE eta PSEko agintariei: Benetan uste dute hau dela bidea euskal gatazka konpontzeko? Ez da egiazki hipokrita ezker abertzalea erasotzea eta presionatzea herri batzuetako edukiontzien erreketarekin honek bere bidea garbi utzi duenean, eta aldi berean krudelkeriazko politika hau defendatu?
Euskal burgesiaren demagogia
Zarautzen egin zuen kurtsoko lehen ekitaldian euskal burgesiaren alderdi nagusiak, EAJ-PNVk, ezker abertzaleak hartutako erabakiek eragiten dioten kezka erakutsi zuen. Egibarrek ezker abertzalearen eta EAren akordioaz hitz egin zuenean “beren helburua gu ordezkatzea da, baina 30 urte daramatzate eta ez dute lortu” esan zuen. Euskal burgesiak ondo daki arriskua ez datorrela EAtik, ezker abertzaletik baizik, hau milaka pertsona Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde mobilizatzeko gai den mugimendua baita eta, LAB sindikatuarekin batera, 2009ko maiatzaren 21eko eta pasa den ekainaren 29ko greba orokorrak bultzatzeko eta antolatzeko gai den mugimendua baita. Edo zein arriskuri ari zen Egibar azken 30 urteez hitz egiten zuenean? Ez EAz, zeren alderdi hau EAJ-PNVri lotuta egon da gauza guztietan. Egibar berak baieztatu zuen entzuleen aurrean, EAJ-PNV dela hamarkada bat euskal politikaren dinamika lidertzen ari dena “bi zutaberekin: giza eskubideak eta erabakitzeko eskubidea”. Egibarrek “giza eskubideak eta erabakitzeko eskubidea” deitzen badie euskal kapitalistak defendatzeari, Madrilgo gobernuekin ederki eramateari, beren politika errepresiboak babesteari eta Ertzaintza eskubide demokratikoak birrintzeko erabiltzeari, behartuta gaude esatera Egibarrek arrazoi osoa duela.
EAJ-PNVk diskurtso anti-espainiar bat erabiltzearen beharrean jarraitzen duen arren, praktikan PSOEren gobernuko aurrekontuak salbatzeko gako erabakigarria izango da, gastu sozialen eta langileen eskubideen aurkako eraso gogor bat suposatuko duten aurrekontu batzuena. Noski, EAJ-PNVk bere jarrera justifikatzen du zeren bere babesaren trukean “autogobernu” gehiago lortuko du EAErentzat eta pentsioak, energi eta industria “kudeatzeko” gaitasuna. Baina, zeinen mesedetan nahi du EAJ-PNVk autogobernu gehiago? Langile euskal herritarrenak edo ordezkatzen dituen enpresari handienak, espekulatzaileenak eta kapital finantzarioarenak? EAJ-PNV arduratuta egongo balitz euskal langile klasearen baldintzekin ez litzateke izango lan erreformaren babesle sutsuenetako bat eta ez zituzkeen hau gogortzeko emendakinak egingo. Zeren EAJ-PNVk bultzatutako aldaketetakoren batek sindikatuek kritikatutakoa bultzatzen du. Erreformak hiru urteko muga ezarri zuen obrako eta zerbitzuetako kontratuetarako. Epealdi hau gainditzen bazen enpresan langilea finko izatera pasatzen zen. Senatuan egin zen bozketaren ondoren, EAJ-PNVk aurkeztutako emendakinari esker, beharrezkoa da enplegatuak “aktibitate berbera egitea eta lanpostu berean”. Berrikuntza honek erraztu egiten du lanpostu aldaketa batekin soilik kontadorea zeroan jartzea. Eta Egibarrek berriz, enpleguaren transferentziekin arduratuta dagoela esanez azaldu da. Demagogo honetaz, enpleguaz hainbeste arduratzen denaz, esan genezake Amenabar konstruktora enpresako akzionista eta goi kargudun hau, hitzarmena bera ere ez aplikatzeagatik greban egon diren bere langileez ez dela gehiegi arduratzen. Bere hipokresiak ez du mugarik.
Ezker Abertzalea eta alternatiba iraultzailea
Ezker abertzaleak abiarazi duen bide berriari buruz, eta ekintza armatuak ez antolatzeko ETAk orain dela hilabete batzuk hartutako eta irailaren 5ean iragarritako erabakiaz, hamarka mila dira itxaropenez ikusten dutenak, erreakzioari eta errepresioari bakarrik mesede egiten zion inpasse batetik ateratzeko aukera bezala. Esperientzia gogorrak erakutsi du ETAren ekintza armatuek ez gaituztela autodeterminazio eskubidearen eta sozialismoaren helburura gehiago gerturatu. Milaka militanteren sakrifizio eta borondate izugarria egon arren, ekintza armatuen estrategia honek, funtsezkoenean lortzen zuena zen, estatu aparatuari, eskuinari eta PSOEko agintari sozialdemokratei aitzakiak ematea ezker abertzalea gogorki erreprimitzeko eta nazionalismo espainiarraren pozoia biztanleriako geruza zabalen artean barneratzeko.
Orain, ortzemugan aukera berri bat agertzen da gure herriaren askatasunaren borroka historikorako. Baina abagune honetan, tranpa bihurtu daitezkeen estrategiak daude. EArekin aliantza bat egitearen hautapenak, bigarren maila batean utziz gero eta gehiago sozialismoaren aldeko borroka, ez die erantzun pozgarririk emango Euskal Herriko gehiengoaren interesei, herri honetako langileei eta gazteriari. EA gainbeheran eta krisian dagoen alderdi burgesa da; erakunde honek bere zuzendaritzan enpresetako gerenteak, multinazionaletako analista finantzarioak eta Opus Deiko kideak ditu. EAk beti defendatu ditu eta defendatuko ditu euskal kapitalisten interesak bai maila sozialean eta baita auzi nazionalean ere. Bere ibilbide luzean erakutsi du hau guztia PNVrekin kolaboraziozko politika bat eginez, eta EAEko gobernuko bere urteetako parte-hartzean. Akatsa da pentsatzea EA orain prest dagoela autodeterminazio eskubidearen alde borroka egiteko, bere demagogiaren zati besterik ez da. Eta akatsa da baita ere EA ezkerreko edo aurrerakoia den alderdi bat bezala aurkeztea, orain arte egin duen guztia jakinda. Ezker abertzaleko militante askok zintzoki esaten dute honako hau: “EAkoak orain gure aliatuak dira. Bide onetik doaz eta konfiantza izan dezakegu eurengan”. Baina hitz hauei benetako gertakariak kontrajarri behar zaizkie aurrean: “Hauek dira enpresarien eta bankarien interesak defendatu dituztenak, hezkuntzaren eta osasunaren pribatizazioak bultzatu dituztenak, Ertzaintzaren errepresioa bultzatu dutenak, ezker abertzalea behin eta berriro kalumniatu dutenak, Euskal Herriaren askatasunaren alde hatz bakar bat ere mugitu ez dutenak… Orain berriro engainatu nahi gaituzte. Banku eta enpresen ordezkari demagogikoenak dira”.
Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren alde borrokatu nahi badugu, beharrezkoa da ezker abertzalea instituzionalizazio burgesaren gurdira lotzea, gure borroka helburuak deskafeinatzea, eta politikoki gure indarraz onuratzea bakarrik nahi duten euskal burgesiako sektore hauen eskaintzak arbuiatzea. Mundu osoan, burgesia mota guztietako koalizioetan bere ordezkariak sartzen saiatzen da bere klaseko interesak inposatzeko eta erakunde borrokalariak ahultzeko. Ez da izango desberdina Euskal Herrian, Irlandako esperientzia garratzak erakusten duen moduan.
Ezker abertzaleak langile klasearengan eta gazteriarengan bakarrik izan behar du konfiantza, hauen borroka gaitasunean. Ezker abertzaleak bere babes gehiengoduna politika iraultzaile bat defendatuz irabazi behar du eta irabaz dezake: langile klasearen batasuna mota guztietako zatiketen gainetik; autodeterminazio eskubidearen defentsa eta konplexurik gabe enpresa handien eta bankaren desjabetzea planteatuko lukeen programa sozialista, langileok gure izerdiarekin sortzen dugun aberastasuna biztanleriaren gehiengoa, enpleguak, hezkuntza, osasuna, hizkuntza, kultura eta gure familien etorkizuna defendatzeko izan dadin.