Sindikatuetako zuzendaritzek jarraipena eman behar diote erasoen aurkako borrokari
Hego Euskal Herrian gehiengo sindikalak deitutako greba orokor berri honek mahai gainean jarri zuen langile klaseak oso garbi duela zein den gure eskubideak jasaten ari diren eraso larriak atzera botatzeko modua: borroka. Partehartzea, bai lanuztea jarraitu zuten enpresen kopuruan eta bai manifestazioetan parte hartu zutenenen kopuruan ere, ELA, LAB, STEE-ILAS, ESK eta HIRUk 2009ko maiatzaren 21ean eta 2010eko ekainaren 29an deitutako greba orokorretan baino handiagoa izan zen.
Krisia hasi eta langileei lehenengo EEEak inposatu zitzaizkienetik eta ondoren kaleratze masibo eta enpresa itxierekin jarraitu zitzaionetik, PSOEren gobernua boteretsuenen aldamenean bakarrik egon da. Hala egon zen gastu publikoak murrizterakoan eta langile publikoen soldatak jaisterakoan; hala egon zen kaleratzea merkatu eta prekarietatea handitu duen lan erreforma inposatu zuenean; hala egon zen hamarkadetan zehar onartu diren aurrekontu antisozialenak babesterakoan; eta hala egon da pentsio eskubidea erasotakoan. Baina langileon eta gazteon gehiengoak badakigu eraso gehiago etorriko direla. Horregatik, urtarrilaren 27ko greba orokorra erasoei aurre egiteko modu onena bezala erabilia izan zen.
Grebaren jarraipena
Beti bezala, grebaren jarraipena oso garrantzitsua izan arren, sektore askotatik langileen partehartzea gutxiesteko saiakera egon zen. Euskal Autonomi Erkidegoan enpresetako lanuzteei dagokienez, erabateko lanuztea edo %70etik gorakoa 308tan eman zen, enpresa guztien %61,35 hartuz. Lanuztea %30 baino gehiagokoa izan zen enpresak berriz 75 izan ziren, %14,94 ordezkatuz. Lanuztea oso baxua edo aktibitate normala izan zuten enpresak 88 izan ziren, %17,53. Nafarroan berriz lanuztea erabatekoa izan zen hainbat fabrikatan, batik bat oso jarraipen handia izanik Sakanan eta iparraldeko eremuetan. Iruñaldean eta bere gerriko industrialean ere grebaren jarraipena esanguratsua izan zen. Datu hauekin ikus dezakegunez, grebak jarraipen berezia izan zuen industrian, aurreko deialdietan bezala. Greba guztietan bezala industriako lanuzteak funtsezkoak dira, hemen baitago ekonomiaren motorra eta, gainera, ekoizpenaren jaitsierak beste edozein sektoretako grebarekin konparatuz, eragin ekonomiko eta sozial handiagoa du.
Baina jarraipen garrantzitsua ez zen industrian bakarrik eman. Garraioan, Bilbo eta Pasaiako portuetan, eraikuntzaren sektorean, komunikabideetan (ETBko zuzendaritzak zerbitzu minimoak bete ez arren), irakaskuntzan (batik bat sektore publikoan), hiriburuetako udaletxeetan eta zerbitzuen sektorean ere lanuzteak jarraipen handia izan zuen. Gainera, kontuan hartu behar da hainbat enpresetan bizi den errepresioa, batik bat komertzioa eta ostalaritza bezalakoetan, non langileen eskubideak erabat zapalduta dauden etengabeko kaleratze mehatxuengatik. Ez da ahaztu behar Eusko Jaurlaritzak egindako kanpaina ere, greba eta hau deitzen zuten sindikatuak kriminalizatuz eta praktikan greba eskubidea ezerezera murrizten zuten zerbitzu minimoak jarriz osasunarena bezalako sektoreetan.
Gehiengo sindikalaren aurreko deialdietan bezala, greba eguneko manifestazioak masiboak izan ziren, baina oraingoan aurrekoak baino jendetsuagoak. Bere garrantzia politikoagatik beharrezkoa da milaka gaztek parte hartu zutela adieraztea, bai langileak eta baita ikasleak ere. Bistakoa da gazteriarengan dagoen haserrea neurri antisozialen aurrean, eta bistakoa da, era berean, datozen garaietan gazteriak paper protagonista bat jokatuko duela borroketan.
Zatiketa sindikala
Greba honen eragozpen nagusiena zatiketa sindikala izan zen. CCOO eta UGTko zuzendaritzen jarrera lotsagarria izan zen, greba “nazionalistatzat” akusatuz beren adierazpenek nazionalismo espainiar nazkagarria helarazten zuten bitartean. Larritasun berekoa da CCOO eta UGTko agintariek urtarrilean zehar PSOEren gobernuarekin eta patronalarekin negoziaketa faltsu batean parte hartu izana. Hori guztia zertarako eta pentsio publikoen aurka zihoan eta murrizketa sozialen politikari babesa eman zion akordio bat sinatzeko. Enpresariei eta PSOEren gobernuari bakarrik mesede egiten dien bake soziala inposatu nahirik, akordio hau erabateko kontraesanean sartzen da langile mugimendu antolatuaren helburu eta interesekin. Akordio hau erabateko makurtzea da eta ez ditu eskubide sozialen eta langile mugimenduaren aurkako neurri berriak geratuko. PSOEren gobernuak eta patronalak CCOO eta UGTko agintariak pentsioetatik haratago doan akordio sozial batean inplikatzea lortu dute, hurrengo helburua hitzarmen kolektiboa delarik. Dagoeneko adierazia izan den hurrengo erreforma handiaren helburua, hitzarmen kolektiboarena, malgutasuna are gehiago bultzatzea da, hau da, enpresek jardunaldi, ordutegi edo soldata aldaketak egitea erraztea “krisira moldatzeko”. CCOO eta UGTko agintari sindikalak konformatu egin dira enpresa bat mota honetako erabakiak hartzera doanean “partehartzea eta informazioa” izatearekin. Hau izan zen CEOE patronal espainiarraren eta bi sindikatu hauetako agintarien artean adostutakoa pentsio erreformari buruz ari ziren bitartean egin zituzten negoziaketa paraleloetan. Hau da, konformatu egin ziren enpresariek langileak erasoko dituztela erabaki dutela jakitearekin. Eta hau dena orduko estatu espainiarreko langabezia datuak (%20 baino gehiago eta 4.700.000 langabetu baino gehiago) jakin ziren eguneko goizaldean.
Bistakoa da jarrera honek langile klasearen sektore bat desmotibaziora eta desmobilizaziora eraman dezakeela, baina baita beste langile kapa asko oraindik eta gehiago haserretzera eraman ditzakeela ere. Zentzu honetan esan behar da urtarrilaren 27ko Hego Euskal Herriko greba orokorrean, beste behin, beren zuzendaritzekin kritikoak diren CCOO eta UGTko hainbat delegatu eta afiliatuk parte hartu zutela. Datu honek berriro frogatzen du ELA eta LABeko zuzendaritzek irailaren 29ko greba orokorra babestu izan balute, beren programarekin eta beren kontsignekin, autoritate gehiago irabaziko zuketela sindikatu estataletako langileengan, CCOO eta UGTko zuzendaritzei zailago jarriz U-27ko grebaren aurka jartzea eta hau kalumniatzea. Borroka sindikalaren batasuna funtsezkoa da orain arte izan ditugun eta hemendik aurrera izango ditugun erasoei aurre egiteko. Garbi dago CCOO eta UGTko zuzendaritzek astakeriak sinatu ondoren, batasunean pentsatzea zaila egiten dela, baina horrek ezin du izan oztopo bat, guztiz kontrakoa. Kasu honetan beharrezkoa da CCOO eta UGTko oinarriei dei kementsu eta anaitar bat egitea, beren agintariek sinatutakoaren aurka jartzeko eta etorkizuneko mobilizazioetan parte hartzeko.
Beharrezkoa da borrokak jarraitzea
Urtarrilaren 27ko greba ezin da izan pentsioen erreformen aurkako bakarra. Lan erreformaren eta pentsioen erreformaren ondoren orain hitzarmen kolektiboarena eta hezkuntzaren eta osasunaren aurkako erasoak ditugu. Beharrezkoa da borrokak jarraipena izatea, beharrezkoa da gehiagora joango den mobilizazio eta greba plan bat. Lantoki guztietan batzarren bidez eztabaidatu eta bozkatuko litzatekeen borroka plan bat, dei eginez CCOO eta UGTko oinarriei mobilizaziora gehitzeko. Honek modu garrantzitsuan presionatuko lituzke CCOO eta UGTko agintariak, ez baitaukate lan erraza egin dutenagatik beren afiliatuak konbentzitzen. Are gehiago, Euskal Herriko borroka eredu bihur liteke Estatu espainiarrean. Ikusi dugu Tunisia bezalako herrialde txiki bateko iraultzak nola piztu duen beste iraultza bat herri arabiar handienean, Egipton, mundu arabiar osora zabaltzea mehatxatuz. Euskal Herriko borroka eraginkor batek, CCOO eta UGTko militanteak eta jarraitzaileak erakarriko lituzke eta CCOO eta UGTko zuzendaritzei oso zail jarri lieke patronalarekin eta PSOEren gobernuarekin akordioak sinatzea, eta horrela jasaten ari garen erasoak atzera botatzea beharrezko indarra sortuko litzateke.