Beharrezkoa da udaletxe eta diputazioetara ezkerreko politika eramatea
Euskal Herria Sozialistatik esan genuen Bilduk emaitza historikoak lor zitzakeela eta hori da, hain zuzen ere, maiatzaren 22an gertatu zena. 300.000 bozka baino gehiagorekin, 1.000 zinegotzi baino gehiagorekin, udaletxe askotan gehiengo absolutuekin eta Donostiako eta Gipuzkoako bezalako garaipenekin, emaitzak ikaragarriak izan ziren. Honek erakusten du ehunka mila langile eta gaztek benetako aldaketa nahi dutela Euskal Herrian, jasaten dugun zapalkuntza nazional eta sozialaren amaiera suposatuko duen aldaketa.
PSOEren Gobernuaren errepresioak, PPren etengabeko kriminalizazio kanpainak eta EAJ-PNVren demagogia “nazionalistak” ez zuten lortu geraraztea Bildu modu indartsuan instituzioetan sartzea. Justu kontrakoa lortu zuten. Azken finean, eta hau da oinarrizko puntua, ez dute lortu ezker abertzalearen oinarri soziala ahultzea. Bilduk hauteskundeetan parte hartu ahalko zuela jakin zenetik, berari bozka emateko ahalbidea eskubide demokratikoen alde pauso garrantzitsu bat emateko aukeratzat hartu zen. Baina ez hau bakarrik, burgesia langile klasearen aurka antolatzen ari den eraso guztien aurka bozka emateko aukeratzat ere hartu zen. Era berean, ezin da ahaztu emaitzek ETAk bere ekintza armatuak alde batetara uzteko babes handia ere erakusten zutela.
Txanponaren beste aurpegia PSE eta PSNren emaitzak izan ziren. Azken finean, PPrekin eta UPNrekin eskubide demokratikoen aurkako eta bankarien eta enpresari handien aldeko politika egiteagatik ordaindu beharreko prezioa izan zen. PSEren eta PSNren edo estatu mailan PSOEren bozka emaileen abstentzioaren arrazoia ez zen izan hauen eskuineranzko joerarengatik. Bilduren emaitzek eta M15 mugimenduak erakusten dute ez dela egia langileak eta gazteak pasibitatean eta apolitizismoan erorita daudenik. Arazoa ez da langileen eta gazteen borrokarako borondate falta, arazoa PSE, PSN eta PSOEk beren oinarri sozial propioaren aurka aplikatu duten politika basatia izan da.
PSE eta PSNko agintari sozialdemokratak ez dira desberdindu PP eta UPNtik beren politika ekonomikoan eta eskubide demokratikoei buruzko politikan ere jarrera berdina izan dute. Honek ondoriok izan zituen hauteskunde emaitzetan. PSEko presidentea den Jesus Egiguren berak esan behar izan zuen PSOEren gobernuak Bildu hauteskundeetan egotea eragotzi nahi izateak, “Euskal Herrian alderdiaren irudia kaltetzen” bukatu zuela. Prozesu judizial honek Patxi Lopezen Gobernuaren kolaborazioa izan zuen, Bilduren aurkako mota guztietako informe polizialak aurkezteko ez baitzuen inolako eragozpenik izan.
Konfiantzarik ez burgesiarengan eta bere ordezkariengan
Euskal burgesiak ezin du ezkutatu Bilduren emaitza bikainek sortzen dioten kezka. Ondo dakite emaitza ikaragarri horien atzean bankarien eta enpresari handien aurka borroka egiteko prest dauden ezker abertzaleko milaka eta milaka langile eta gazte daudela. Confebask euskal patronalaren presioak hasieratik hasi ziren. Gipuzkoako Diputazioa Bilduk gutxiengoan gobernatzeko aukerari buruz honako esan zuen Confebaskeko presidentea den Miguel Lazpiurrek: “Nahiz eta gauza batzuk esan dituzten (kanpainan), ondoren kontzienteak izan daitezela errealitatearekin eta dagoeneko Gipuzkoan eta Euskadin ezarrita daude proiektuekin jarrai dezatela”. Abiadura Handiko Trena, Pasaiako portua handitzea, zabor erraustegiak eta EAEko hiru kutxen fusioa bezalako proiektuei buruz ari zen hizketan.
Egia da Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak Bilduri buruz “zergatik ez da ba posible izango Bilduk gobernu egonkor bat eta iniziatiba duena osatzea” eta “erantzukizun polit bat dauka” bezalako gauzak esan zituela. Patronal gipuzkoarrak esandakoari buruz honakoa adierazi zuen Bilduk ohar batekin: “PSOE eta PPren jarrera eta Adegik ordezkatzen dituen sektore ekonomiko eta enpresariala bezalako beste sektoreena desberdina da. Hauek, gure herrian irekin den garai berria aurreiritzik gabe eta etorkizunaren ikuspegiarekin begiratzen dute. Gauzak aldatzen ari direnaren –PSOE eta PPk Madriletik inposatutako oztopoak egon arren- eta aldaketa sektore guztiei interesatzen zaienaren eta denok onuratzen gaituenaren beste adibide bat da”. Beste batzuetan nabarmendu dugun bezala, akats larria da enpresariengan eta beren hitz iruzurtietan konfiantza izatea. Egia dena da enpresarien zati garrantzitsu bat Eusko Jaurlaritzara zuzendu zela Bilduk Gipuzkoa gobernatzeko aukerarekin kezkatuta. Ez zen izan kasualitatea Adegi berak antolatutako ekitaldi batean Patxi Lopezek esatea gauzarik onena PSE, EAJ-PNV eta PPren arteko akordioa zela. Euskal burgesiak garbi dauzka bere lehentasunak.
Euskal patronalek CEOE patronal espainiarraren plan guztiak babestu dituzte, “sakontasuna eta ausardia” eskatu zuten hitzarmen kolektiboaren erreformarako eta euskal gehiengo sindikalari “konfrontazioa” alde batera uzteko eskatu diote. Bilduren programa azaltzeko Kursaalean antolatutako ekitaldiek eta antzekoek, bertan Confebask, Adegi eta Grupo Mondragonek ere parte hartu zuten, ez dituzte aldatuko burgesiaren helburuak. Krisiaren irteera bankariekin eta enpresari handiekin egin daitezkeen akordioetara lotuta dagoela pentsatzea erabat desegokia da.
Zentzu honetan, oinarrizkoa da inolako konfiantzarik ez izatea EAJ-PNVrengan. Uste dugu akatsa izan zela Bilduk inolako baldintzarik gabe EAJ-PNVri Arabako Diputazioa eskaintzea. Euskal burgesiaren alderdi hau PSOEren gobernuaren eraso guztiak babesten eta bultzatzen ari da: lan erreforma, pentsio erreforma, murrizketa sozialak… Kataluniako osasunean eta hezkuntzan CiU aurrera eramaten ari den murrizketa basatiek erakusten dute alderdi burges “nazionalistak” ez direla PP baino hobeak. Antonio Basagoiti PPko presidenteak aukera hau iradoki zion EAJ-PNVri: “Ezin da egon goizetan enpresen administrazio kontseiluetan eta arratsaldetan Batasunaren independentziara elkartuta, aurrezki kutxetan agintzen eta, aldi berean, sistema sobietarra defendatzen dutenen ondoan. Orain, Bildu eta PP eta PSOEren artean aukeratu behar du”. EAJ-PNVk ondo aukeratuta dauka eta ezker abertzalera “gerturatzeko” arrazoi bakarra hau engainatzen saiatzea eta gaur egungo sistema ekonomiko eta politikora erakartzea izango da.
Eta berdina pentsatzen jarraitzen dugu beste euskal alderdi burgesa den EAz. Entzun besterik ez daude EAko Carlos Garaikoetxeak Abiadura Handiko Trenaz egindako adierazpenak, Bilduk hau geratzea nahi duela ukatuz. Hitzez hitz esan zuena jakin dezan irakurleak gazteleraz jartzen dugu: “Que alguien vea el programa de Bildu y verá que eso no aparece en ningún sitio. Es más, muy significativamente el candidato a diputado general ha dicho que eso ni es competencia de Bildu. Es la manera más frontal de desmentirlo. Sólo hemos propuesto correcciones: no queremos una Y, sino una H, para vertebrar el País Vasco con Navarra”. EA ez da Bildun sartu eskubide demokratikoak, langileak eta gazteak defendatzeko, euskal burgesiaren interesak defendatzen jarraitzeko baizik. Horregatik, beharrezkoa da ezker abertzaleko zuzendaritzak ez izatea inolako konfiantzarik alderdi honengan.
Ezkerreko politika instituzioetan
Bilduren emaitzei esker eta ehunka zinegotzi eta diputaturen bidez, ezker abertzaleak ezkerreko politika defendatzeko aukera du. Gobernutik edo oposiziotik posible da politika hau defendatzea, baina politika honen egokitasuna, batik bat, gobernuetatik frogatu ahalko da. Batez ere, gehiengoz gobernatuko diren udaletxeek eskubide demokratikoak eta langileen eskubideak defendatzeko oinarrizko tresna izan behar dute. Sorturen legalizazioa, Alderdien Legearen abolizioa, dispertsio politikaren amaiera eta gaixotasun larriekin dauden presoen berehalako kaleratzea eta autodeterminazio eskubidea izan behar dira beste hainbaten artean oinarrizko aldarrikapenak eskubide demokratikoei dagokienean. Eta aldi berean, beharrezkoa izango da udaletxeetatik zerbitzu sozialak, osasun eta hezkuntza publikoa edo etxebizitza publikoa defendatzea. Helburu hauek guztiak lortzeko beharrezkoa da bizilagunen, gazteriaren eta batez ere langile klasearen mugimendura bideratutako politika bat. Metodo demokratikoen bidez langileen beharrak bilduko lituzkeen programa iraultzaile batekin, langileak, bizilagunak, gazteak, langabetuak eta pentsionistak antolatuz eta gure aldarrikapenak defendatzeko kaleetan mobilizazioa bultzatuz posible da kapitalisten erasoei aurre egitea eta gehiengoaren interesak defendatzea.