Amaiurrek lortutako babesa, askapen nazionalaren eta sozialismoaren aldeko motor bihurtu behar du ezker abertzaleak
Irailaren 27an ezker abertzaleko, EAko, Alternatibako eta Aralarreko ordezkariek Amaiur koalizioa aurkeztu zuten A20ko hauteskundeetan parte hartzeko. Koalizioa aurkeztu zenetik euskal kapitalisten eta burgesia espainiarraren urduritasuna handitzen joan zen, EAJ-PNV eta PPk Amaiurri buruz egiten zituzten adierazpenek frogatzen zuten bezala. Urduritasun honek bere arrazoiak zituen. Milaka langile eta gazterentzat Amaiurrek oinarrizko zerbait ordezkatzen zuen: eskubide demokratikoen eta eraldaketa sozialaren aldeko indarra.
Amaiur aurkeztu zuten ordezkari politikoen iritziz, koalizio berria aukera bat zen “Euskal Herrian irekitako fase politiko berrian sakontzeko” eta “bake prozesurantz eta irtenbide demokratikoetarantz” joateko “aldaketa politiko eta sozialarekin” batera, “posizio subiranista, independentista eta ezkertiarretatik”. Koalizioko ordezkariek adierazi zuten lan egingo zutela “eskubide demokratiko nazionalak dituen nazio bezala Euskal Herria aitortua” izateko. Gai sozialei buruz azaldu zuten “espekulatzaile ekonomiko eta finantzarioek sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko, langileen eskubide ekonomiko eta sozialak zapaltzea helburu duten neurri politikoen” aurka egingo zutela. Aldi berean, “enplegu duin eta kalitatezko baten aldeko neurriak” defendatuko zituztela esan zuten eta “zalantzarik gabe” “hezkuntza, osasun eta politika sozialetako eredu publikoen” alde egiten zutela apustu. Ez zen beraz harritzekoa Euskal Herriko langileen eta gazteen zati handi batek, eta tartean bere sektore borrokalarienek, helburu nazional eta sozialetan aurrera egiteko aukera bezala ikustea Amaiur.
Burgesia espainiarraren urduritasuna, euskal burgesiaren hipokresia
Burgesia espainiarraren ordezkariek, PPko presidente Mariano Raxoik eta UPNko presidente Yolanda Barcinak, bi egun beranduago hauteskundeetara batera joateko akordio bat sinatu zuten Iruñean. Eta egun batzuk lehenago Yolanda Barcinak eta Nafarroako PPko buru Santiago Cerverak publikoki baieztatu zuten bezala, bi alderdi hauek elkartzearen helburu garrantzitsuenetako bat, Amaiur Nafarroako lehen indar bihurtzea saihestea zen. Aldi berean, Kongresuko PPren bozeramaileak, Soraya Saenz de Santamariak, Amaiur Kongresuan egotea “atzera pauso larria” izango zela adierazi zuen eta bere alderdia ez zela pasibo mantenduko, bere ustez, moduak omen zeudelako arazoa “konpontzeko”.
Burgesia espainiarra urduri azaltzen bazen Amaiurrekin, ez zirudien euskal burgesia lasaiago zegoenik. Bere ordezkarietako batek, Kongresuko EAJ-PNVren bozeramaile Josu Erkorekak, Amaiurren programa “porrot egitera kondenatuta” zegoela adierazi zuen bere puntu bakarra autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena bazen. Kongresuan dagoen Euskal Herriaren askapen nazionalaren ordezkari bezala azaltzeko helburuarekin, Erkorekak esan zuen EAJ-PNVk “bi aldiz ere” defendatu duela Kongresuan autodeterminazio eskubidea. Beste behin, Amaiurrek sortzen zuen beldurragatik, askapen nazionalaren bandera erabiltzearen beharra ikusten zuen EAJ-PNVk, inolako keinu demagogikok alderdi burges honen hipokresia gorde ezin duen arren. Gainera, onartu zuen, 30 urte baino gehiagotan Kongresuan autodeterminazio eskubidea “bi aldiz” bakarrik “defendatu” dutela.
Ezker abertzalearen etorkizuna
Garbi dago Amaiurren oinarrizko zutabea ezker abertzalea dela. Horregatik, oinarrizkoa da ezker abertzaleak Amaiurrek lortutako babesa askapen nazionalaren eta sozialismoaren aldeko motor bihurtzea. Orain, ezker abertzaleak programa iraultzaile baten bozgorailu bezala erabili ahal izango du Kongresua. Noski, ez bertako diputatuengana zuzentzeko, Euskal Herriko langile eta gazteengana iristeko baizik, eta nola ez, Estatu osoko langile eta gazteengana. Ezker abertzaleak oinarrizko aldarrikapenak defendatu ahalko ditu: eskubide demokratikoak, autodeterminazio eskubidea barne, eta banka eta enpresan handien nazionalizazioa langileen kontrolpean. Honek guztiak ikaragarrizko eragina izango luke Estatu guztiko langileengan eta ondorio oso positiboak beren kontzientzietan. Dudarik gabe, politika honek indartu egingo luke ezker abertzalearen posizioa milioika langileren aurrean eta Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borroka indartuko luke, baina baita Estatu espainiarrekoa ere, eta zergatik ez esan, Europa osokoa ere.
Kongresuan sartzeko emandako pausoarekin batera, hamarkada askotako borrokaren eta sakrifizio handien ondoren (Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren aldeko militantzia etengabearekin), berriz esan nahi dugu gure ustez esperientziak frogatu duela bide bakarra programa iraultzailea defendatzea eta langile klasearen eta gazteriaren mobilizazioan oinarritzea dela. Aldi berean, esperientziak erakutsi du akatsa dela euskal burgesiarekin eta bere alderdiekin akordioak eta aliantzak bilatzea edo babesa bilatzea Kofi Annan (NBEko idazkari nagusi ohia eta Ruandako genozidioaren estaltzailea beste hainbat gauzen artean), Tony Blair (Irakeko gerraren defendatzailea) edo Jimmy Carter (AEBetako presidente ohia eta Nikaraguako iraultza sandinistaren etsai handienetakoa) bezalako “ordezkari” internazionalengan.
Euskal Herriaren zapalkuntza nazionala gaixorik dagoen eta usteltzen ari den sistema baten ondorioa da: sistema kapitalistarena. Kapitalismopean eta burgesiaren eskutik, izan euskal herritarra, espainiarra, frantziarra edo internazionala, ez da posible gure herriaren arazoak eta helburuak konpontzea. Klaseko kolaborazioaren politikaren porrota ondo ikus daiteke Ipar Irlandan. Sinn Feineko agintariek Koalizioko Gobernu bat osatzen dute unionistekin, kapitalista britainiar eta irlandarrek eskatzen dizkieten herstura eta murrizketen politikak ari dira aplikatzen eta inoiz baino gehiago daude Londresen laguntza finantzarioaren menpe. Ipar Irlandak gainera, Euskal Autonomi Erkidegoak baino autogobernu gutxiago dauka. Honek ezin du izan hartu behar den bidea.
Euskal Herriak benetako askatasuna lortzeko, autodeterminazio eskubidea lortzeko eta langabeziaren, etxebizitzaren, osasun eta hezkuntza publikoaren arazo larriak konpontzeko, biztanleriaren bizi baldintzak hobetuz, beharrezkoa da sozialismoaren aldeko borroka lehen lerroan jartzea. Eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka, autodeterminazio eskubidea barne, eta gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borroka bereiztezinak dira.
Kasu askotan, klaseko arazoak bigarren maila batean geratu dira demagogia erreakzionarioaren azpian. Nazionalismo espainiarraren propagandaren eta euskal burgesiaren diskurtso zinikoaren atzean, klase dominatzailearen plan erreakzionarioak zeuden: langileen eskubideak eta beren bizi baldintzak erasotzea. Gauza batean beti egon dira ados burgesia espainiarra, frantziarra eta hemen bertakoa: hirurek kolaboratu dute arazo gehiegirik gabe mota guztietako lege eta neurriak ezartzen, modu horretan langileen zapalkuntza handitzeko eta hauei ahal den plusbalio gehien ateratzeko. Honi esker, burgesiak ikaragarrizko aberastasunak pilatu ditu. Krisia hasi zenetik enpresa itxierak eta kaleratzeak gorantz joan dira, soldatak eta langileen eta beren familien eros ahalmena asko murriztu da; era berean, oinarrizko zerbitzu sozialak, hezkuntza eta osasuna bezalakoak, erabateko erasopean daude pribatizazio helburuen azpian.
Hau guztiagatik, beharrezkoa da ezker abertzaleko zuzendaritzak gertakizun hauen aurrean sozialismo internazionalistaren eta klaseko independentziazko politikaren bandera altxatzea, langile klasearen batasuna defendatuz muga nazionalen gainetik, langile euskal herritar, espainiar eta frantziarren arteko batasuna barne. Programa honekin eta masen mobilizazioan oinarrituz, ezker abertzalea baldintza hobeetan egongo litzateke autodeterminazioa eskubidearen eta Euskal Herriaren benetako askatasunaren aldeko borroka arrakastara eramateko.