• Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Venezuelako hauteskunde presidentzialen balantzea. Azalpen bat marxismo iraultzailetik

    Venezuelako hauteskunde presidentzialen balantzea. Azalpen bat marxismo iraultzailetik

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Beharrezkoa da ezker abertzaleak eta klaseko sindikatuek denboran luzatuko den borroka plan eraginkorra antolatzea

 

Banka espainiarra erreskatatzeko Europak emandako 100.000 milioi euroko dirutza eraso berri bat izan da. Diru publikoaren lapurreta eta langileen aurkako eraso ankerra suposatzen dituen erreskate honek ondorio larriak izango ditu gizartearen gehiengoarentzat. Erreskaterik egongo ez zela edo Europaren laguntza bat dela PPk esandako gezurrak agerian geratu dira. Langile klasearen bizkar gainean jarriko da beste behin “erreskate” honen pisu guztia.

PPren gobernuak ez zuen nahi biztanleriak Grezia, Irlanda eta Portugalen gertatutakoarekin lotzea erreskatearen auzia. Hala ere, inolako zalantzarik gabe, hau da kapitalistek eta eskuinak bultzatzen duten bidea. Orain arte helburu horretan aritu dira eta norabide berean jarraitzeko asmoa dute.

Grezian, Irlandan eta Portugalen gertatu zen bezala, erreskatea ez da izan biztanleria salbatzeko, bankariak eta kapitalistak salbatzeko baizik. 100.000 milioi euroko dirutza banka espainiarra kapitalizatzeko, galerak onbideratzeko eta banka internazionalari itzuli beharreko zor erraldoia ordaintzea bermatzeko erabiliko da. Horregatik, Estatuak ez du sekula diru hori berreskuratuko eta garbi dago PPren gobernuak nondik aterako duen Europako Batasunari itzuli beharreko dirua. Erantzuna gero eta ezagunagoa dugu: orain arteko murrizketa sozialekin eta etorkizunean inposatu nahi izango dizkiguten neurri berriekin itzuli nahiko dute dirua. PP gobernu espainiarrera iritsi zenetik aplikatutako eraso guztiei berriak gehituko zaizkie: pentsioen herstura, murrizketa sozial berriak administrazio publikoan, murrizketak langabeziarako laguntzetan eta BEZaren igoera. NDFak publikoki egindako eskaera hauek bankarien, CEOE patronal espainiarraren eta Confebask euskal patronalaren oso gustukoak dira. Dena dela, eraso hauen ondoren gehiago etorriko dira, behin eta berriro. Langile klasearen eta gazteriaren errebolta sozial batekin bakarrik izango da posible erasoaldi hau geratzea.    

Ekonomia hazten hasteko beharrezko neurritzat aurkeztu zuen PPk bankaren erreskatea. Berriro ere gezurretan zebilen. Lehenengo egunetik ikusi zen sistema finantzarioan espero ziren lasaitasunak urruti geratzen zirela. Krisi kapitalista historiko hau ez da konponduko horrelako eta antzeko neurriekin. Banku pribatuei horrenbeste laguntza eman ondoren arriskua izugarria dago finantza publikoak lurreraino erortzeko eta erabat kolapsatuta geratzeko. Kasu honetan ere, garbi dago nork ordaindu beharko lituzkeen honen ondorioak: langileek eta gizartearen gehiengoak. Lehen erreskatea iritsi bezain pronto jarri zen mahai gainean bigarrenaren beharra. Atera kontuak. Sistema finantzario espainiarraren egoera oso kritikoa da. Erreskate berri bakoitzak murrizketa gehiago eta eskubide historikoak suntsitzea ekarriko ditu, den-dena, espekulatzaileei zor publikoa ordaintzea bermatzeko. 

Langile klaseak eta gazteriak borroka plan eraginkorra behar dute

Kapitalisten erasoaldi basati eta historiko honi aurre egin behar diogu langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio masibo eta eraginkorrarekin. Ez dago beste biderik. Azkeneko hamarkadetan langile klaseak ez du ezagutu horrenbesteko erasorik eta hain zuzen arrazoi honengatik da oinarrizkoa erasoaldiaren mailako borroka antolatzea burgesiaren aurka. Horregatik, arduradun sindikalek akats larria egin dute martxoaren 29ko greba orokor arrakastatsuari jarraipena ez ematen. Ez dira ari sektore ezberdinetako borrokak koordinatzen eta elkartzen. Kaleratzeei aurre egiteko ez dira ari fabrika ezberdinetako borrokak elkartzen. Borrokak elkartuko lituzkeen eta benetako errebolta sozial baten baldintzak jarriko lituzkeen borroka planik gabe ez da posible PPren gobernuaren, CEOE patronal espainiarraren eta Confebask euskal patronalaren eraso planak geratzea. 

Hau guztiagatik, funtsezkoa da ezker abertzaleak, ELAk eta LABek, CCOO eta UGTrekin ekintza batasunean, 48 orduko greba orokorra antolatzea. Aldi berean, oinarrizkoa litzateke pauso hau denboran luzatuko litzatekeen borroka plan batekin (bere baitan mobilizazio eta greba orokor gehiago bilduko lituzkeena) eta kapitalismoaren aurkako alternatiba sozialistarekin lotzea. Modu honetan, posible izango litzateke PPren gobernuaren aurkako errebolta sozialean eraldatzea langileen eta gazteen artean dagoen haserrea eta ondoeza.

Alternatiba sozialista behar dugu

Gizartea astinduko lukeen borroka plan edo egutegi horri sozialismoaren aldeko programa lotu behar zaio, kapitalismoarekin behin betirako amaitzeko helburuarekin. Helburu honetan beharrezkoa da sistema finantzarioaren eta bankuen egoeraren aurrean alternatiba sozialista defendatzea. Hasteko, sistema finantzario osoaren desjabetzea defendatu behar da, ez soilik ondoratuta dagoen zatiarena, PPk Bankia-rekin egin duen bezala. Desjabetze hau kalte-ordainik gabe egin beharko litzateke, akzionista txikien kasuan edo bestelako beharrezko kasuetan izan ezik. Honekin batera, boom inmobiliarioarekin espekulatuz eta zor publikoari esker aberastu zirenen ondasunak desjabetu behar dira. Bestetik, funtsekoa da bankaren desjabetzea beheko kontrolarekin egitea, hau da, langile klasearen kontrolpean, mota guztietako maniobrak, kapitalen ihesak eta ustelkeria saihesteko. Bukatzeko, bankaren desjabetzea industriaren eta multinazionalen desjabetzearekin osatu beharko litzateke. Horrela bakarrik izango litzateke posible jabego pribatuaren eta ekoizteko modu kapitalistaren kaosa saihestea. Erabat posible da gehiengoaren aldeko plan kontziente batekin antolatzea ekonomia.

Ekoizteko indar hauekin guztiekin, herritarren onerako zuzenduta, inbertsio publikoko planak martxan jarri ahalko lirateke hezkuntzan, osasunean, industrian eta nekazaritzan, eta noski, negozio txikiak dituztenen kontsumoa eta inbertsioa errazteko. Bankuen jabetzan dauden etxebizitza hutsak alokairu merkeekin erabili ahalko lirateke, eta horrela, kolpe batez, etxebizitzaren arazoa desagertuko litzateke. Zer arazo egongo litzateke, ekonomiaren funtzionamenduaren ikuspuntutik, neurri hauek praktikan jartzeko? Bat ere ez, bankarien eta kapitalisten irabazi multimilioidun lotsagarriak izan ezik.

Kapitalistek jokatzen duten paper parasitarioaren pertzepzioa ez da inoiz sozialki hain zabalduta egon. Programa sozialistak, krisi kapitalistaren aurkako irtenbide bakarra denak, inoiz ez du izan gaur adinako potentziala babes sozialean. Horregatik, ezker abertzaleko eta sindikatuetako agintariek programa hau defendatzen badute, babes handia lortuko lukete, eta ez langile klasearen artean bakarrik, baita krisi kapitalistak kolpatutako erdi mailako sektoreen artean ere.  

Langile klasea da sistema kapitalistak bultzatzen dituen suntsiketa eta basakeria saihestu ditzakeen klase bakarra. Eta marxismoak azaltzen duen moduan, krisi kapitalistak sakonak eta katastrofikoak izan arren, beharrezkoa da faktore kontzientea, hau da, langile biztanleriaren gehiengoaren babesa duen antolakuntza iraultzaile eta sozialista. Honela posible izango da krisi hau azkeneko krisi kapitalista izatea, eta garai historiko berri bati ateak irekitzea, klaserik gabe eta zapalkuntzarik gabe.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.