ELA, LAB, CCOO eta UGTko zuzendaritzek 48 orduko greba orokor bateratua deitu beharko lukete
ELA, LAB, CCOO eta UGTko zuzendaritzek ardura handia daukate: langile klasea erakusten ari den borrokarako borondate osoa baliatu behar dute zabalagoak, gogorragoak eta bateratuak izango liratekeen mobilizazioz osatutako estrategia antolatzeko. Irailaren 26ko eta azaroaren 14ko greba orokorren ondoren, ikusirik PPk ez duela atzera egiteko asmorik, beharrezkoa da sindikatuek greba orokor bateratu baten deialdia zehaztea, kasu honetan 48 ordukoa.
Lorpen garrantzitsuenak, bai maila sozialean eta baita eskubide demokratikoetan ere, zapalduen borrokaren ondorio izan dira, eta borroka hauetan langile klasearen batasunak oinarrizko papera jokatu du. Negoziazio mahaietan ez da inoiz ezer lortu lehenago kalean mobilizazioen bitartez lortu ez bada. 70. hamarkadan diktadura frankistaren aurka antolatutako greba eta mobilizazio handiei esker eskubide garrantzitsuak lortu ziren moduan, orain ere bide bakarra orduan bezala borrokatzea da: errebolta sozialaren bitartez, baina oraingoan, gizartearen oinarri ekonomiko eta politikoen aldaketa iraultzailea lortzeko helburuarekin.
Azaroaren 14ko greba orokorra: Zein ondorio atera behar dira?
Kapital europarrak inposatutako murrizketa sozial eta politikoen aurka azaroaren 14an antolatu zen mobilizazioa arrakastatsua izan zen. Galizan, Katalunian eta estatu espainiarrean 24 orduko greba orokorra izan zen, CCOO, UGT, CGT, CIG, SOC-SAT, Sindicato de Estudiantes eta beste ezkerreko ehunka kolektibok deituta. Gauza bera gertatu zen Portugalen. Italian 4 orduko lanuztea izan zen sektore pribatuan eta 24 ordukoa sektore publikoan; Belgikan 24 orduko greba garatu zen, eta garraioa izan zen jarraipen handiena izan zuen sektorea. Grezian, aurreko astean 48 orduko greba orokorra izan eta gero, beste behin herrialdea gelditu egin zen 3 orduko lanuztearekin. Greba eta lanuzte hauekin batera manifestazioak izan ziren Europa osoan.
Zoritxarrez, Euskal Herria salbuespenetako bat izan zen. Grebak jarraipen txikia izan zuen ELA eta LABeko zuzendaritzek deialdia ez babesteko erabaki okerra hartu zutelako. Gutxienez, nahikoa ez zela izan uste dugun arren, Amaiurrek langile espainiarrekiko elkartasuna adierazi zuen eta egun horretan Kongresuan eta Senatuan ez zuten parte hartu, eta ezker abertzaleak arratsaldeko manifestazioetan parte hartzera deitu zuen.
Eta bai, akatsa izan zen Galizan, Katalunian eta estatu espainiarrean milioika langile, gazte, langabetu, ikasle eta pentsionistek parte hartu zuten greba orokorra ez babestea. Hego Euskal Herria kenduta, greba orokorra arrakastatsua izan zen, bai lanuzteen jarraipenagatik eta bai izan ziren mobilizazio erraldoiengatik. Galizan CIGak greba orokorra babestu zuen CCOO eta UGTrekin ekintza batasunean eta 500.000 pertsona atera ziren kalera, mobilizazio handiena Vigon izan zen 180.000rekin. Bartzelonan milioi bat pertsonek hartu zuten parte, langile kataluniarrek eta espainiarrek batera borroka egitea posible dela erakutsiz, CiU eta PPk kontrakoa lortu nahi duten arren. Madrilen milioi bat baino gehiagoko manifestazioa izan zen, eta Andaluzian beste 500.000 pertsona mobilizatu ziren hainbat hiriburutan. Beste hainbeste gertatu zen estatuko beste lekuetan ere. Guztira, 5 milioi pertsona atera ziren kalera 100 manifestazio baino gehiagotan. Jarraipena erabatekoa izan zen industrian eta oso handia eraikuntzan, garraioan, merkatu handietan, nekazaritzan, garbiketan, irakaskuntzan eta sektore publikoan.
A14a azpitik etorri zen, sindikatuetako oinarri sozialaren eskaera zen. Azkeneko hilabeteetako mobilizazioetan parte hartzen ari ziren milaka langile eta gazteren eskaera zen greba orokor berri baten deialdia. Zer zuen txarretik Hego Euskal Herriko langileek borrokan parte hartzea langile galiziar, kataluniar eta espainiarrekin batera? Zertan ahultzen du Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren aldeko borroka Galizako, Kataluniako, Madrilgo, Andaluziako edo Portugalgo zapalduekin, gure klaseko anai-arrebekin, batera borrokatzeak?
Borrokaren garrantzia
Greba orokorraren “erabileraren” aurka zabaldu den kanpainari buruz (harrigarria izan zen zentzu honetan Gara egunkariak azaroaren 15eko editorialean ideia hau bultzatzea) honakoa erantzun behar da: lorpen sozial guztiak eta eskubide demokratiko guztiak langile klasearen borrokaren ondorio dira, greba orokorrekin eta manifestazioekin lortuak. Eta gaur jasaten ari garen erasoa geratzeko bidea berdin-berdina da: greba orokorrak, manifestazioak eta ezkerreko erakunde politiko eta sindikaletako militantzia. Ez dago borroka ez den beste biderik. Adibidez, PPk etxe-kaleratzeei buruz azaldutako “sentiberatasuna” borrokari esker lortutakoa izan da. Noski borrokak balio duela.
Burgesia espainiarraren eta euskal herritarraren erasoak atzera botatzeko modu bakarra borroka gogortzea, sakontzea eta denboran luzatzea da. Gainera, helburu garbiak izan behar ditu: orain arteko kontrarreformak atzera botatzea eta bankuen eskuetan dauden etxeak desjabetzea, langile familia guztiek bizi-toki duin bat izan dezaten alokairu sozialaren bitartez, hauen prezioa familien diru sarreren %10ekoa baino gehiago izan gabe. Eta beharrezkoa da, noski, helburu hauek sozialismoaren aldeko borrokarekin lotzea.
Ez da posible krisiari irtenbidea aurkitzea eta gehiengoaren aldeko politika egitea gizarteko ekoizpen palankak gutxi batzuen eskuetan dauden bitartean. Kapitalistek beste alternatibarik ez dagoela esaten digute. Baina guk ozen esan behar dugu badagoela alternatiba: sistema finantzario osoaren eta enpresa handien nazionalizazioa langileen kontrolpe demokratikoan, gizarteko gehiengoaren zerbitzurako inbertsio eta ekoizpen plan bat martxan jartzeko, gastu sozialak masiboki handituz eta bankuei eta espekulatzaileei “eman beharreko” zor publikoaren interesen ordainketa bertan behera utziz. Modu honetan bakarrik lortuko dugu langabeziaren izurritearekin amaitzea, zerbitzu sozialak defendatzea eta bizi baldintzak hobetzea. Beharrezkoa da bankuek eta enpresa handiek gizartearen gainean duten kontrolarekin bukatzea, hori baita benetako demokrazia eraikitzeko modu bakarra. Baliabide ekonomikoak, teknologia eta zientzia biztanleriaren gehiengoaren zerbitzura jarri behar dira eta ez gutxi batzuen irabazi maximoaren menpe.
Nola jarraitu borrokarekin
PPren gobernuak atzera egiten ez badu, eta horrela izango dela ematen du, agintari sindikalek beste greba bat deitu beharko lukete, kasu honetan bateratua eta 48 ordukoa. Eta grebarekin batera pauso berri garrantzitsu bat eman beharko litzateke: fabriken, ikastetxeen eta osasun zentroen okupazioa. Kapitalistek lanpostuak suntsitzea eta murrizketak eskaintzen badituzte, langileok erakuts dezakegu lapur hauek gabe posible dela gizartea garatzea. Ez ditugu behar ekoizteko, aberastasuna banatzeko eta gazteriaren etorkizuna bermatzeko. Bizitzen ari garen hondamendi sozialaren arrazoiak kapitalisten irabazi maximoaren helburua eta langileek sortutako baliabideekiko duten dominazioa dira. Gaur egungo sufrimendua ez da inolaz ere beharrezkoa eta langileok indarra dugu egoerari bira emateko.
Azaroaren 14ko Europa mailako borrokak garbi erakutsi zuen langileen batasuna beharrezkoa dela. Muga nazionalen gainetik gure indarrak elkartzea ez da utopia, beharra baizik, posible da. Kapital finantzarioaren zerbitzura dagoen Europako Batasunaren aurrean, Europako Herrien Federazio Sozialista defendatu behar da, eta ideia hau indar material geldiezin batean bilakatu daiteke Europa osoko langileentzat.